Kirol egokitua eta bizkarrezur-muineko lesioak
Batx 1eko ikasleek kirol egokitua eta aniztasun funtzionalaren inguruko lanketa eta hainbat jarduera bizitu dituzte Gorputz Hezkuntzan. Gaia biribiltzeko, mahai-inguru bat antolatu dugu: "Kabitu ezinik". Bertan izan dira Jon Mikel Picabea,SHEEko irakaslea, Leire Troitiño eta Ibon Oregi kirolariak.
Gaur berriz, AESLEME elkartekoen bisita izan dugu . Bizkarrezur-muineko lesioaren ikerketarako elkartea da AESLEME, eta gisa horretako lesioak dituzten pertsonek eta beren senitartekoek nahiz laguntzaileek osatzen dute. Gerta dakizuke izena du errepideko istripuak saihesteko euren kanpainak, eta horren inguruan aritu dira Batxilergo 1. mailako ikasleekin. Larrialdietan espezializatutako osasungintzako profesional batek eta istripu bat izan duen eta muineko lesioa duen pertsona gazte batek istripuez, prebentzio-neurriez, istripuetan jarduteko oinarrizko arauez eta istripu baten ondorioez (traumatismoak, muineko lesioak, arazo psikologikoak, eta abar) hitz egin diete gazteei.