Zer da eta nola bizi dugu

Urriaren 31, osteguna, gau beltza izango da, gau iluna. Udazkenetik negurako egun ilun hauen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita, Euskal Herrian ere. Gurean ere badira kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak. 

Baina, nola iritsi zen ohitura hura Euskal Herrira? Ustez, herri zeltek ekarri zuten, Araba eta Nafarroa inguruetan finkatu ondoren Gipuzkoa eta Bizkaiko gune garaietako kastroetara joan zirenek.

Horrela bada, kalabaza eta kandelen ohitura zinez amerikartzat jotzen genuen arren, ikerketek diote tradizio hori bazela Euskal Herrian askoz ere lehenagotik. Arbi, kalabaza, kandela eta eskaintzak biltzen zituzten erritu haiek hainbat modutara zabaldu ziren Euskal Herriko herrietan zehar; batzuetan Gau Beltza izena hartu zuten, eta beste batzuetan Arimen Gaua izenarekin egin ziren ezagun.

Bizipenak aldatu egin dira, eta honekin batera, jaiak eta tradizioak. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da; eta horrela ari da zabaltzen Gau Beltza Euskal Herrian. Berreskurapena baino, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten.

Laskorain ikastolan usadio zahar honek ere badu bere tokia. Gure arbasoek egin ohi zuten antzera, guk ere egun berezi hau ospatzeko tartea hartu dugu, garrantzitsua iruditzen baitzaigu ohitura hauek mantentzea. Heriotza eta arima aintzat hartuta, gure beldur eta kezken kontzientzia hartu eta berauekin nola bizi garen ikusi nahi izan dugu. Aldi berean, euskaldun egiten gaituen beste ezaugarri bat dela deritzogu, urrutitik datozkigun topikoetatik ihes egin eta geureak diren ohiturei indarra emanez. Ezinbestekoa iruditzen zaigu gure ikasleek euskal kulturaren bereizgarri diren jarduera hauek gozamenez bizitzea.

Ikasturtean zehar beste ospakizun eta egun berezietan egin ohi dugun bezala, oraingoan ere ikastola atondu dugu armiarma sare eta saguzaharrekin egindako eskulanekin. Gure etxeko txikienei Argitxok aurkeztu die egun berezi hau eta oraingoan ikastolako familientzako ere erronka bat ekarri du: Uzturre inguruko basoan bildutako gaztainak pote batean jarri ditu eta familiek zenbat dauden asmatu beharko dute. Horretaz gain, tradizionalki  gau beltza zer den eta zer egiten zen azaldu nahi diegu haurrei lehendabizi. Abesti batzuk abestuz beldurren lanketa eta hausnarketa bultzatuz. Zeri diogu beldurra? Zerk izutzen gaitu gehien? Bakoitzak bere bizipenak eta bere beldurrak ditu. Barrura begirako ariketa egiteaz gain, ditugun beldur horiei modu kolektiboan erantzuteko aukera bat eskaini  nahi diegu.  

Sakramentinoetan sua piztuko dugu ikasleek beraien beldurrak irudikatzen dituzten marrazki eta ekoizpenak bertara bota ditzaten eta elkarrekin aurre egin diezaioten giro atsegin eta alai batean. Usabalen ere izango du presentzia arimen gauak. LH bigarren ziklokoek “Koko” pelikula ikusiko dute ondoren kareta, mozorro eta kalabazak apainduko dituzte. LH5eko ikasleentzat, adibidez, hainbat ekintza antolatu dituzte gai honen bueltan: ginkana bat, Josu Ozaita adituaren hitzaldi bat, kalabaza apainketa

LH 5. mailan eta DBH 2. mailan ARGI! IEMaren baitan kokatu dugu Gau Beltzaren inguruko lanketa. Ikaskuntza esperientzia honetan euskaltzaletasunaren transmisioan sakondu nahi dugu, eta Gau Beltzaren ospakizuna baliatuko dugu jaiak euskaratik eta euskaraz ospatu ditzagun. Horregatik, oso interesgarria izan da Josu Ozaitaren eskutik ohitura honen jatorria, ezaugarriak eta izan duen bilakaera ezagutzea.

 

XANDULI, MANDULI, KIRRIKI, EMAN JATEKOA GURI!