Ikastolen Hezkuntza Marko orokorra
Zer da Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra?
Markoa, definizioz, zenbait gauza edo elementu inguratzen duen egitura da. Beraz, Hezkuntza Markoaz ari garenean, marko honek gure hezkuntza ulertzeko eta garatzeko elementuak barnebiltzen ditu.
Ikastolen xede nagusia ikasleei pertsona-eredu bat garatzen laguntzea da. Eredu horren zerbitzura daude hezkuntza-ildoak, printzipio psikopedagogikoak, metodologiakoak eta curriculuma. Hauei guztiei buruzko azalpenak ematen ditu Hezkuntza Mako Orokorrak.
Marko Orokorra deitu diogu, ikastolok, zazpi lurraldeetan sustraitua dagoen izaera kolektiboko mugimendu gisa, partekatzen dugun lurzoru komuna delako. Hain justu, Marko Orokor hori izateak izaera, identitatea eta marka ematen dizkigu.
Nori zuzenduta dago?
Ikastolarekin era bateko edo besteko lotura dutenei, eta, oro har, geure planteamendua ezagutzeko interesa dutenei.
- Ikastoletan funtzio batean zein bestean lanean diharduzuenok. Zuen lanaren dimentsioa, zentzua, norabidea eta garrantzia ulertzeko lagungarria izatea nahi genuke. Ikastola, eredu gisa, bere bereizgarri eta helburuekin, ulertzeko lagungarria izatea nahi genuke.
- Profesionalentzako ez ezi ikastolaren aldeko hautua egin duzuen familiontzako ere idatzi dugu. Zuei ere zuzendua dago, zuen hautua zentzuz eta edukiz aberasteko eta zuen seme-alaben heziketan duzuen rol partekatua eta egitekoa ulertzeko.
- Geure hezkuntza-planteamendua ezagutzeko interesa izan dezakeen oro.
Zer elementuk osatzen dute Hezkuntza Marko Orokorra?
Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrak zer garen, zer lortu nahi dugun eta nola lortu nahi dugun barnebiltzen ditu. Eta horretarako hainbat elementu identifikatzen ditugu:
- Ikastola-eredua, gure eredua. Zer lortu nahi dugun eta nola lortu nahi dugun jakin ahal izateko, nor garen argitzea garrantzitsua da.
- Pertsona-eredua. Hezkuntza Markoaren erdigunean dagoen elementua da eta gainerako elementuak honen zerbitzura daude.
- Printzipio psikopedagogikoak: Zein dira ikastoletako hezitzaileon jarduna orientatzen laguntzen diguten printzipio psikopedagogikoak?
- Hezkuntza-ildoak. Ikastoletan komunak izan daitezkeen hezkuntza-ildoak aurkezten ditugu. Hezkuntza-ildo komun batzuk definitu nahi izateak ariketa interesgarri eta beharrezko baten aurrean jartzen gaitu, alegia, ikastolok landu beharreko hezkuntza-ildo nagusiak modu berean ulertu eta irudikatzea. Baina gainerako ikastolekin partekatzen duguna zer den identifikatzea bezain garrantzitsua da ikastola bakoitzak bere-berea zer duen identifikatzea.
- Curriculuma: zer, zein, zertarako? Curriculuma zer den, erreferentziazkotzat ditugun curriculumak zeintzuk diren eta Euskal Curriculuma, geureak, zer bide egin duen, besteak beste, argitu nahi genuke.