Non eta mugan
Heldu den martxoaren 10ean, Ikastolen jaiek Euskal Herriko periferiako zortzi ikastola omenduko dituzte, Beskoitzen, Ikastolak Herriari egitasmoaren baitan ospatuko den Non eta mugan ekitaldiarekin. Aitortza ekitaldia biribiltzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute ikastolen jaiek, jolas, pailazo, bazkari eta Bizkarsoro filmaren emanaldiarekin, besteak beste.
Euskal Herrian badira periferiatik euskara lantzen duten eragile ugari, horietako bat Ikastolen mugimendua da. Ikastolek historian zehar toki guztietan izan dute misio bera, periferiako ikastolek ere badute: jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea. Hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena.
Ez da erraza izan ikastola hauek pairatzen duten egoera sozio-politikoari aurre egitea, eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du. Aurrera egiteko dedikazio eta militantzia handia behar izaten dute. Horregatik beharrezkoa da Euskal Herriaren periferian euskararen alde lan egin duten eragileei aitortza egitea.
Honako hauek dira Euskal Herriaren periferian koka genitzazkeen zortzi ikastolak eta, beraz, Beskoitzeko ekimenean ordezkatuta egongo direnak:
- Beskoitzeko Ikastola
- Sohütako Eperra Ikastola
- Zangozako Ikastola
- Lodosako Ibaialde Ikastola
- Tuterako Argia Ikastola
- Vianako Erentzun Ikastola
- Oiongo San Bizente Ikastola
- Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola
EGUNEKO EGITARAUA
- 10:00 HARRERA - GOSARIA
- 11:00 PERIFERIAKO IKASTOLEI AITORTZA EKITALDIA
- 12:30 HAURREN JOLASAK, PUZGARRIAK eta PONTX PAILAZOA
- 14:00 BAZKARIA
- 17:00 BIZKARSORO FILMAREN EMANALDIA
- 18:30 EKITALDIAREN ITXIERA
Bazkarirako txartelak honako estekan eskuratu daitezke.