10 urte bete-bete saskia
2013an jaio zen Errigora. Iruñeko Nabarreria plazan dagoen Zabaldi Elkartasun Etxean agertu ginen urriko egun batean, egitasmoaren asmoak aurkeztu eta Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan parte hartzeko deia egiteko. Oraindik ez ginen ezer; Errigora asmo-sorta baino ez zen. Hilabete beranduago, aldiz, asmoak egitate bihurtuta zeuden. «Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko» eta «zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko» xedea zuen egitasmo hura jende mordoa harritu zuen ekimen freskoa zen ordurako. Ez da magia kontua. Ibilbide luzeko herrigintzako beteranook eta gazteagook lantalde txiki bat osatu hasieran eta, harremana harremanari lotuz, sare zahar-berritua irudikatu genuen. Eta saskia eskatu genuen 8.000tik gora lagunek egin genuen ordura arte eginkizun zena. Gurpila jiraka hasi zen.
Ordutik, urteez gain, 130.000tik gora saski bete ditugu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dugu —1.800.000 euro!— saskiek emandako mozkinekin. Eta, kanpainak joan kanpainak etorri, Errigoraren komunitatearen argazkia betez joan da ekimenera batu garen boluntario, ekoizle, kontsumitzaile, bidelagun eta onuradun berriekin.