Araba Euskaraz
Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik eta 2023ko ARABA EUSKARAZ jaiari ekiteko, elkar- EKIN jardun dugu auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz-esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatu eta gure harremana aberastuz. Horregatik, hemen gaude, berriro ere, ikastolon ereduari eta euskarari bultzada emateko prest, aurretik beste askok egin bezala.
Ikastolen mugimenduan, gure hezkuntza eredua ez genuen sortu euskarak irauteko soilik; euskararen egoera irauli, euskaraz egin eta euskaraz eragiteko jaio ginen eta horrela dihardugu egun ere ekinaren ekinez. Bide horretan, Araba Euskaraz gure herrialdeko bazter guztietara eramaten saiatu gara, urtean zehar eskualde bakoitzean antolatu ditugun kirol zein kultur ekimen desberdinetan dantzan, ibilian, kantuan zein pilotan arituz. Euskarari eta euskal kulturari tokian-tokiko agertoki handi bat eskaini diogu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua, ozen entzun dadin; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin; arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea, euskaraz bizi gaitezen.
Elkartasuna eman eta jasotzen den altxorra da eta hori bera da Araba Euskaraz, auzolanaren eta elkarlanaren bitartez eman eta jasotzen den elkartasuna. Aurtengo Araba Euskarazen lortzen dugun dirua Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dugu. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duen irakasle talde profesional eta konprometituarekin, guraso kooperatibisten ahaleginari bultzada emateko. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean eta amets hori egia bihurtzeko ekinean dihardugu.
Olarizutik Arabara eta Arabatik Euskal Herrira:
euskarar-EKIN
kulturar-EKIN
kirolar-EKIN
hezkuntzar-EKIN
hezkidetzar-EKIN
berdintasunar-EKIN
elkartasunar-EKIN
herriare-EKIN
ikastolar-EKIN.