Bardeetan bizikleta martxa...
Tuterako Argia ikastolak gonbidatuta, DBH 3. mailako 40 ikasle eta 3 irakaslek Bardeetako parke naturalean zehar antolatzen duten bizikleta martxan parte hartzeko aukera izan dugu (maiatzaren 8 eta 9).
Paz de Ziganda (Iruñea), Labiaga (Bera), Iñigo Aritza (Altsasu), Lizarra (Lizarra), San Bizente (Oion), Assa (La puebla), Andra Mari (Etxarri Aranatz), San Nikolas (Algorta) eta Argia (Tutera) ikastoletako DBHko 3. mailako ikasleekin batera bi egun pasa ditugu Nafarroako Erribera aldetik. Guztira 400 lagun inguru.
Helburua garbia, elkartasunean eta elkarrekin errealitate ezberdinak bizi ditugun ikastoletako ikasleak topo egitea, bakoitza beretik eta lotzen gaituen euskara ardatz hartuta. Euskaraz soilik egiten dugun eremuko nerabeak eta euskaraz jakin baino egiten ez duten eremutakoak egin dugu topo.
Bardeetako natur gunean kokatzen den tiro eremuaren buelta egin dugu bizikleta martxa. "El Pastor" monumentutik "Virgen del Yugo"ko atseden guneraino. 31Km guztira, bero handia eta Ziertzoa aurpegiz etengabe, baina gustora, gure buruari erronka jarriz eta elkarri laguntzen gozatu ederra hartu dugu "Castell de terra" inguruko pareje idorregietan.
Argia ikastolako guraso eta langileek sekulako lana hartu dute. Lotarako ikastolako eremua baliatu dugu eta gosari eta bazkari ederrak prestatu dizkigute, haien lan eguna gu goxo egon gintezen baliatuz. Bejondeizuela, eskerrik asko eta horrela segitzera animatu nahi zaituztegu, biba züek!
Irteeraren amaieran azken sorpresa bat ere jaso dugu."Errigora" proiektuko kideak gonbitea luzatu ziguten eta bidai hau baliatu dugu olio tolarea bisitatzeko. Sekulako harrera jaso dugu eta bisita oso interesgarria izan da. Olibondoen ezaugarriak eta ekoizten dituzten olioen kalitate eta klaseak ezagutu ditugu. Olioa sortzen deneko bide osoa ezagutu dugu, enbasatu eta etiketatze prozesua barne. Amaitzeko olio kata bat eskeini digute, eta mota ezberdinetako olibak dastatzeko aukera ere izan dugu. Hemen ere eskerrak besterik ezin eman Errigorako lagunei, mundilak zarete!