Charlevillen

Aste batez Frantziako iparraldean izan dira frantsesa ikasten ari diren gure batxilergoko ikasleak, Tolosako udalak sustatzen duen ikasle-trukeari esker. Hala, Ardenetako hiriburua den Charleville-Mézières ezagutu dute Laskorain Ikastolako, Herrikideko eta Orixeko hogeita bi ikaslek.

Eguraldi hotza izan dugun arren, harrera beroa egin digute bertako ordezkari zein familiek, eta hotzari aurre egiteko bertako jaki eta edariak dastarazi dizkigute aste osoan zehar.

Programan aurrikusitakoari jarraiki, katedral eta gaztelu ikusgarriak bisitatu ditugu Reims (Frantzia) eta Bouillon (Belgika) hirietan, eta Charlevilleko txontxongiloen museoan ere izan gara, bi hirien senidetzearen jatorria zein den gogorarazteko.

Iparraldeko haizeak azala leunduta itzuli dira gure gazteak Tolosara, eta itzulerako bidaia luzean ziurrenik oroitzapen bihurtuko zitzaizkien azken egunetako bizipen zoroak.