Hitzez ekiteko garaia da
Abenduaren 3a Euskararen eguna da, eta Argitxoren urteak ospatzen ditugu, aurten 135 urte bete ditu! Zorionak Argitxo iratxoa! Ikastolan egun kuttuna da eta aurtengoan larunbatean izango denez, gaur festa giroan ospatu dugu.
Sakramentinoetan, DBH 4 eta BATXI 1eko ikasleak izan ditugu ikastolako txikienei ipuinak kontatzen, umeak txundituta utzi dituztelarik beraien hitz eta alaitasunarekin. Ondoren, patioan jeitsi dira eta elkarrekin txarangaren soinuaz gozatu dugu, dantza eta saltoka. Argitxo eta bere laguntzaileak gure artean izan dira ere, opari eta guzti! Ipuin sorta eder bat oparitu digute geletan irakurtzeko.
Arratsaldean, patioan elkarrekin “Ahoa bizi, belarriak prest” abestia dantzatu dugu, eta elkarrekin ikasi ditugun ohiko euskal abestiak abestu ditugu. LHko familiek prestatutako txokolatea hartu dugu eta egunari amaiera, dantzan eta lagun giroan eman diogu!
Lehen Hezkuntzakoek ere hainbat ekintza burutu ditugu: karaoke, playbacka, mahai jolasak... Ebaluaketa osoan zehar landutakoek ere izan dute bere tartea: Euskal kantutegiko abestiak elkarrekin abestu ditugu eta Euskaraz Biziko kanpainan egin ditugun Mihiluze saioen final handiak jokatu ditugu zikloka. Emozioz beteriko finalak izan dira eta finalista guztiek ezin hobeto ordezkatu dituzte beraien gelak. Zorionak guztioi, ederki pasa dugu Euskararekin eta Euskal kulturarekin jolasten! Eta nola ez, txarangarik ere ez zaigu falta izan ospakizunean, giro ederra jarri digute Laskotxarangako lagunek!
Bigarren Hezkuntzan ere ederki ospatu dute euskararen eguna, eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu dute. Goizean goiz manifestua irakurriz hasi dute, eta ikasleen arteko lehiaketarekin jarraitu dute. Hamaiketakoari tartea eman diote gero eta emanaldi bereziaz gozatu dute, patioan. Lehiaketako sari banaketaz gainera, Danel Etxeberria eta Jon Mendiluze ikasle-bertsolariek hainbat bertso bota dituzte, musika emanaldiaz zein abesbatzaz ere gozatu dute eta, festarekin amaitzeko, txarangaren doinuen laguntzarekin salto eta brinko ugari egin dituzte.
Laskorain ikastolan argi dugu aldarrikapena: EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU!