Pantailak euskaraz
Kaixo, euskaltzaleok!
PANTAILAK EUSKARAZ ekimenarekin bat eginez, Laskorain Ikastolak haur eta nerabeen aisialdiari begirako baliabideak eta hausnarketa partekatu nahi ditu.
Hainbat ikerketa soziolinguistikok frogatu dute aisialdiak pertsonen hizkuntza ohituretan eragin zuzena eta handia duela. Eskola euskaraz bizi arren, haur eta gazteek aisialdia erdaraz bizi badute, euren heroiak eta erreferente nagusiak erdaldunak badira, horrek euren hizkuntza ohituretan eragin zuzena izango du, eta erdaraz biziko dira etorkizunean.
Pantailak Euskaraz-etik lanean ari dira telebistan, zineman, streaming plataformetan, sare sozialetan eta bideo-jokoetan euskarak presentzia handiagoa izan dezan, hau estrategikoa baita euskararen etorkizunerako.
Bien bitartean, egin dezagun gurasook gure esku dagoena; anima ditzagun gure seme-alabak ikus-entzunezkoak euskaraz ikustera. Ohitura hori hartuta, errazago joko dute euskarara bihar-etzi, etxean zein kalean. Bide hori errazteko helburuz, pantailen munduan haurrentzat dauden edukiak zuen esku jarri nahi ditugu. Mezu honekin batera doakizue baliabideen zerrenda.
Espero dugu haurrek zein gurasoek euskaraz gehiago egiteko baliagarria izatea.
Besterik gabe, jaso ezazu agur bero bat,