Memoria historikoa orainalditik
Hona hemen Kultura Eskola Programarekin izan dugun azken saioa. Gure gizarteak atzera begira etorkizuna eraikitzerakoan landu beharrekoak izan dira hizpide. Aranzadi Elkarteko kideek , historialari, ikertzaileek proiektua bideratu dute 4 orduz DBH4ko talde guztietan.
Jardueraren deskribapena:
Maite Venezuelan bizi da. Orain gutxi bere ama Juana hil zaio eta eskutitz bat utzi dio berak irakur dezan. Maitek, eskutitzaren bidez, bere bizitzan ama Juanak gorde dizkion zenbait sekretu deskubrituko ditu. Horien artean, ordura arte bere amonatzat izan zuen Josefina, bere amaren izeba zela eta horrenbestez, haren semetzat zuena Juanaren lehengusua. Juanaren azken nahia, Gerra Zibilean fusilatutako bere ama Teresa eta bere osaba Jose Mari errepresaliatuaren gorpuak topatzea izan da.
Hasiera batean, ikasleei, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari batek, bideo bidez, Maiteren nahia azaldu die. Ikasleak, ikerketaren arduradun bihurtu dira.
Behin hori eginda, ikasleek, giza duintasuna zer den jakiteko bi jarduera proposatu dira. Horren ostean, Gerra Zibilean zehar errepresaliatutako emakumeen berri jakin dute, garaiko egunkarietako irudi eta gaur egungo lekukotasunen bitartez. Horrekin, emakume errepresaliatuak elkarrizketatzeko galdetegia sortu dute,bai eta datu-base bateko fitxa egin, hartarako eraso homofobo baten salaketaz baliatuz. Aranzadi Zientzia Elkarteak jarduerarako egokitutako datu-basea osatu du.
Azkenik, zenbait dokumentu historiko eta fosa baten deshobiratze bideoa ikusi dute, giza eskubideen urraketak identifikatu behar izan dituztelarik.
Ikerketa, historia, arbasoak, giza-baloreak, duintasuna, giza eskubideak, memoria historikoa…guztiak ikaslearen ezagutza aberasteko eta gure herriaren errealitatea bera ere ezagutzera emateko baliatu ditugu.