Eskola Agenda 2030
Beste urte batez, Tolosan garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzeko Eskola Agenda 2030 programa landu da ikasturtean zehar, eta gaur, ekainak 1, egin da landutakoa Udalari aurkezteko Eskola Agenda 2030 Udal Foroa.
Tolosako Ingurumen Zentroak koordinatzen du egitasmoa ikastetxeekin, eta aurten Tolosako 8 ikastetxek hartu dute parte, guztira 4.700 ikasle inguruk. Ikasturtean zehar, jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek aurtengo gaira hurbiltzeko eta lantzeko. “Basoa” izan da gaia, garapen iraukorreko 15. helburuarekin lotuta, lurreko ekosistemen bizitza jorratzen duena. Herrian berdegune gehiago txertatzeko aukerak, Baso Eskola proiektua, mendi ibilbideak eta beste hainbat gai izan dituzte hizpide, besteak beste.
Eskola Agenda 2030 Udal Foroan ikastetxe desberdinetako ikasleen ordezkariak aurrez aurre bildu dira udaleko ordezkariekin, eta ikasturtean zehar gaiaren inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Lanketaren emaitzak aztertu ondoren, proposamenak egin dizkiote Udalari, eta udal ordezkariek proposamenei erantzun eta Tolosa herri jasangarriagoa eta atseginagoa egiteko hainbat konpromiso hartu dituzte, hala nola, azpiegitura naturalak egokitzen jarraitzea, naturan oinarritutako jokoak txertatzen jarraitzea berritzen diren jolas parkeetan, mendi ibilbideak egokitzeko eta txukuntzeko lanei jarraipena ematea, etab.
Tolosaldeako hainbat herrik ere parte hartu dute Eskola Agenda 2030 egitasmoan; Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilek hain zuzen ere. Eskualde mailan, guztira, Haur Hezkuntzatik Lanbide Hezkuntzara, adin ezberdinetako 7700 ikasle inguruk aztertu dute eskualdeko basoen egoera, ikuspuntu desberdinetatik.