Ibarran det, dut eta dot

Ibarran det, dut eta dot

Milimetroak festak Euskal Herri osoko gazteak bildu zituen Ibarran. Elkar ezagutzea zuten helburu eta, bide batez, batzen gaituena aldarrikatu. Kilometroak jaiaren eredu berriaren proposamenetako bat da.

Goizeko 10ak baino ez ziren eta jende andanak hartuta zuen Ibarrako plaza. Gehienak gazteak ziren oso; gehienek ere, lehendabiziko aldiz bertaratzen ziren Gipuzkoako herri hartan. Ibarra “Tolosa alboko herri txiki hura” da, ados, baina plaza zapaldu arte ezin esan hura bisitatu denik. Iritsi berriek bertatik erreparatu zieten Ibarrako zaindariei: han goian, Uzturre eta Ernioko; hor behian, Elduaran ibaia. “Izan ongi etorriak Ibarran!”, entzun zuten gazteek. Ostiral hartan, ohi baino gehiago eskaintzeko prest zegoen herria.

Euskal Herri osoko ia 400 ikaslek jaso zuten Uzturpe ikastolaren gonbita Milimetroak jaia ospatzeko. Kilometroak 2022ko ekimena denak Tolosaldeako beste ikastoleetako ikasleekin harremana sustatu nahi du; ostiralean, baina, ikastolen festa antolatzen duten bost ikastolek bat egin zuten ibarrakoek . Bertan ziren Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats jaien atzean buru-belarri ari direnak.

Uzturpe ikastolari egokitu zaio Kilometroak 2022 jaia, eta honako honek eredu berri baten aldeko apustua egin du: urriaren 2a egutegian dago, bai eta ordura arteko beste egun asko. Hauxe da, hain justu, aurtengo aldaketa nagusietako bat. Gauzak honela, «eguna» heldu bitarteko mugarrien artean hamaika ekitaldi antolatu dira: herri kirolak eta bertso saioak; eskultura erakusketa bat (EHko 41 eskultorek hartuko dute parte); nazioarteko gastronomia azoka, munduan zehar digitalki zabaldutako ekimena (Infinitu irribarra)… eta Milimetroak, jakina. Ez da makala apenas 500 ikasle dituen eskola txiki batentzat.

Ibarra Euskal Herriaren hauspo bilakatu zen horretan, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Lapurditik etorritakoak talde desberdinetan nahastu ziren. Talde bakoitzak hamar joko burutu behar zituzten eta, horretarako, ezinbestekoa zen elkarlana, elkarri entzutea, elkar ezagutzea... Lehia egon zen, baina ez irabazlerik ez eta galtzailerik ere. Batzen gaituena azaleratzea zen helburua eta, aldi berean, horren aldarria egin.

Lagun berri haiek elkarrekin bazkaldu zuten gero, eta denen arteko lana izan zen flash mob hura. Azken honek egunari amaiera eman bazion ere, hasiera besterik ez zela zioten Ibarran. 

Bideoa