Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa
EAEko Hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak jasotzen dituen dokumentua onartu zen martxoaren 28an, Eusko Legebiltzarrean. Alderdi politikoek eta hezkuntza eragileek lehen zirriborroari egin zizkioten ekarpenak aztertu eta eztabaidatu ondoren, Hezkuntza Hitzarmena lau alderdi politikok onartu zuten, parlamentuaren % 90 osatzen dutenek. Ikastolen Elkartetik ere egin eta aurkeztu genituen ekarpenak, Eusko Legebiltzarrean.
Lehenik eta behin txalotu egin nahi dugu alderdi politikoek egin duten esfortzua eta izan duten gaitasuna, ikuspegi eta abiapuntu ezberdinetatik abiatuta akordioa lortzeko. Parlamentuko Hezkuntza Batzordearen aurrean gure ekarpenak egin genituenean, segidakoa esan genuen: “Badakigu zaila dela, kanpoko faktore asko daude (ideologikoak, jaiotze tasa, bakoitzaren egoera, ….) baina une historikoan gaude: erakunde hauek sortu zirenetik lehenengo aldiz, gure gizartearen eraikuntzan oinarrizkoa den Hezkuntza Sistema antolatu eta adosteko momentuan gaude. Eta hori ez dugu gauzatuko bakoitza bere lubakian mantentzen bagara; atera egin behar gara lubakietatik, hitz egin eta adostu egin behar dugu, hurrengo 20-30 urteak baldintzatzen ari baikara. Eta ez gara adostasunera iritsiko nork bere zilborrari begiratuz; ezberdinen arteko akordioak gauzatu behar ditugu”. Lubaki horietatik atera direla pentsatzen dugu, eta ikastolok ere, dagokigun erantzukizunari eutsiz, gauza berdina egiten dugu eta positiboki baloratu behar dugu egin den hitzarmena.
Oraindik bidea falta da; zatirik garrantzitsuena dator, legea idaztea, eta zehatzago definitu beharko dira Hitzarmenean jasotzen dena. Horri begira, ondorengo aste eta hilabeteotan eztabaida prozesu zabala egingo dugu ikastolen artean, legean azalduko diren puntuen inguruan nola kokatu garen ikusteko. Prozesu horretan, gora-beherak egongo dira, baina orain arte erakutsitako jarrerari eusten bazaio, ziur gaude une eta aukera historikoari aurre egiteko aukera egongo dela.
Ikastolen helburua Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propio bat eraikitzea da, eta bide horretan urratsak egiten jarraitzeko egokia da Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren ideia. Bidea egiten jarraitu behar dugu, muga administratiboak gainditu eta sistema propiorantz urratsak egiten jarraitu behar dugu eta horretarako dauzkagun aukerak baliatu behar ditugu.
Hau guztia aipatu ondoren, proposamena bere osotasunean baloratuko dugu segidan.
• Euskararen alorrean, zehaztasun handiagoa eskatu genuen hitzarmenaren lehen zirriborroa baloratu genuenean; orain, hitzarmena aztertzerakoan egiaztatzen dugu norabide onean doazen neurriak jaso direla: besteak beste, Ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza gaitasun maila zehazten da; Lehen Hezkuntza amaitzerakoan ikasleek B1 maila izango dutela gutxieneko helmuga bi hizkuntza ofizialetan, eta B2 maila DBH amaitzerakoan. Guretzat neurri garrantzitsua da, eta ikastolen aldarri historikoa ere bada. Euskara ardatz izango duen eredu eleaniztun inklusibo orokortu baten aldeko apustua egiten da. Azken hau, eredu inklusibo orokortua, jaso izana urrats berria da. Euskal hezkuntza Zerbitzu publikoan sartzeko baldintzen artean, ikastetxeek euskara lehenetsi beharko dute, hezkuntza jardueran zein harreman profesionaletan, nahiz ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan.
Hala ere, kontraesanak ikusten ditugu hitzarmenean, eta aurretik aipatutakoa egia bada ere, hitzarmenean behin baino gehiagotan hiru hizkuntzen tratamendu integratua emango dela edo hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela jasota egotea kezkaz ikusten dugu. Ondorioz, euskara ardatz duen sistema horretan, ardatz izatearen ezaugarriak zehaztu beharko dira, baita etorkizuneko eredu inklusiboaren oinarria ere; alegia, euskarak izan behar du ikas-irakaskuntza prozesuetako hizkuntza eta horrek legean bere isla behar du eta hizkuntza gaitasunak lortzeko zehaztapenak definitu behar dira.
Lan horretan, eta gai honetan dagoen adostasuna ikusita, garrantzitsua izango litzateke hezkuntza eragileok elkarlanean eta Kontseiluarekin koordinatuta lan egiten jarraitzea eta legean horrela jasoko den proposamen zehatz bat egitea, legean halaxe jaso dadin.
• Aurrerapena iruditzen zaigu Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera eta bertan sartzeko, ikastetxeek, administrazio-titularitatekoak izan ala ez, bete behar dituzten konpromisoak eta baldintzak hitzarmenean jasota egotea. Gainera, baldintza horiek, aipatzeaz gain, definitu ere egin dira, eta, beraz, etorkizuneko legeari begira, ezinbesteko oinarri dira. Hezkuntza itunean jaso diren baldintzak sakonak dira eta ados gaude. Euskal Hezkuntza zerbitzu publikoan egongo diren ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berak izateko eta behar duten finantzazioaren %100 bermatuta doakotasun erreala ziurtatzeko ideiekin ere bat egiten dugu. Baina jasotzen den ideia epe motzean gauzagarri izan dadin, finantzazio modu berriaren ezarpen egutegi bat beharrezkoa dela deritzogu. Neurriak definitu eta kronograma ondo zehaztea ezinbestekoa izango da prozesua berme guztiekin eman dadin.
• Ados gaude segregazioa ekiditeko egiten diren proposamenekin ere; herri bezala, ezinbestekoa egiten zaigu arazo honi aurre egitea. Esparru honetan ibilbide luzea duten eragileek adierazi duten bezala, guk ere uste dugu Hitzarmenean jasotako segregazioaren aurkako neurriak aitzindariak eta anbizio handikoak direla, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Hitzarmenean aurreikusita egotea hezkuntza komunitatearekin elkarrizketa aktiboko prozesu bat bultzatzea, 2023an eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko helburuarekin. Hori bai, ezinbestekoa da eskolatze batzordeek egiten duten matrikula biziaren (ikasturtean zehar iristen diren ikasleak) kudeaketa aldatzea. Beharrezkoa da hezkuntza eragileek Batzorde horietan parte hartzea eta haien funtzionamenduan irizpideak aldatzea.
• Badaude ere kezkatzen gaituzten gaiak: batetik, 0-3 etaparako proposamena, eta, bestetik, herriko informazio bulegoak. Lehenengo kasuan, haur hezkuntzari ziklo egitura aitortzen zaio; beraz, ez dugu ulertzen etapa hau zergatik banatu behar dugun, dokumentu osoan aipatzen den erakunde ezberdinen artean osatutako “Euskal Hezkuntza Sistema” kontzeptua puskatuz. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren ideia 3 urtetik gorako eskaintzan zentratzeari ez diogu logikarik ikusten, etaparen koherentzia, jarraikortasun eta osotasun ikuspegitik. Beraz, ideia berdina mantendu beharko litzateke izaera publikoa duten zentro guztiei zeregin berdina emanez. Bigarrengo kasuan, berriz, herriko informazio bulegoei buruz akordioan jasotzen denarekin ados bagaude ere, bulego horien osaera eta betebeharra oso ondo zehaztu beharko litzatekeela uste dugu. Bertako kideek neutralitatea eta informazio objektiboa eskaini behar dutela ziurtatu behar da, eta, horretarako, bulegoaren osaeran herriko eragile guztiak egon behar dutela pentsatzen dugu.
• Ikastolen ikuspegitik hutsune handi bat dago hitzarmenean: Euskal Herriaren aipamena falta zaio. Euskal Herria euskararen herria bada ere, bada hori baino askoz gehiago ere; izaera, kultura, hizkuntza, balio eta nortasunarekin lotzen da. Horrek guztiak, nahiz eta agerikoa izan EAErako lantzen den lege baten inguruan ari garela, legean bere oihartzuna izan behar duela argi daukagu, eta lurraldetasunaren ikuspegitik bezala, ikuspegi soziolinguistiko, kultural eta ekonomikotik ere landu behar dela deritzogu. Eta horretarako bideak badaudela uste dugu: alde batetik, Euskal Herrian dauden ikastetxe guztien arteko harremanak eta proiektuak sustatuz edo ikastetxeen arteko sareak hedatzea bultzatuz; eta, bestetik, Europa mailan dagoen legedia erabiliz, elkarlana sustatzeko erakundeak sortuz eta baliatuz, egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko tresna izan daitekeena eta denontzat estrategikoak diren proiektuak bideratzeko balio dezakeena.
Laburbilduz, egiten den proposamena ikastolen behar eta nahi guztiak ez asetu arren, hasieran esan dugun bezala epe luzeko ikuspuntua mantenduz, bizi dugun momenturako egokia dela deritzogu. Hurrengo hilabeteetan garatu beharko da orain arte esandakoa, eta denbora izango dugu denon artean behar diren zehaztapen eta ekarpenak egiteko. Bitartean, jarrai diezaiogun hasitako bideari, adostu dezagun gure hezkuntza sistemaren norabidea, bakoitza bere lubakitik aterata eta elkarlanari lehentasun osoa emanez.