Hezkuntza akordioa
EAEko Hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak jasoko dituen lehen zirriborroa aurkeztu zuten, asteartean, otsailak 8, Eusko Legebiltzarrean. Hezkuntza lantaldeko presidenteak prestatu du txostena, alorreko ehun bat aditurekin eta eragilerekin elkarrizketak egin eta horien ekarpenak jaso ondoren. Ikastolen Elkartetik ere egin eta aurkeztu genituen ekarpenak, Eusko Legebiltzarrean. Segidan, asteartean argitaratutako dokumentu hori baloratuko dugu.
Lehenengo eta behin, gogoeta orokor bat egin nahi dugu. Ezin dugu beste 30 urtez eztabaida antzuetan ibili. Herri bezala pentsatzeko unea da. Hezkuntza eragileok badugu honetan erantzukizuna eta ardura, urrats kualitatibo bat egiteko tenorean gaudela deritzogu. Gure iritziz, adostasun sozial berri bat eraikitzeko garaia da, denok batera hezkuntza eredu berri baterantz urratsak egiteko garaia da.
Hitzarmena oinarri bezala ikusten dugu. Berau osatzerakoan herri bezala pentsatu behar dugu, Euskal Herri osoa aintzat hartuta. Hitzarmena eta lege berria Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propio baterantz urrats esanguratsua izan beharko lirateke.
Ikastolok, gure herriarekin dugun konpromisoari jarraituz, gure ekarpenekin saiatuko gara akordioa eta legea aberasten. Bitartean, lehenengo zirriborroaren balorazio hau egiten dugu:
· Bat egiten dugu Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren gainean egiten den proposamenarekin. Euskal Hezkuntza Zerbitzuan legeak ezartzen dizkien konpromiso eta betebeharrak bere gain hartzen dituzten ikastetxeak egongo dira, administrazioaren titularitatekoak izan ala ez izan. Bat egiten dugu horretarako denok eskubide eta betebehar berak izan behar ditugula zehazten duen puntuarekin.
· Bat egiten dugu ere Hezkuntza Zerbitzu Publiko horretan egongo diren ikastetxeek %100 finantzatuak egongo direla eta, ondorioz, zerbitzu publikoan dauden ikastetxeetan doakotasun erreala bermatuko dela dioen azalpenarekin.
· Hala ere, faltan bota dugu ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak ez agertzea, eta harrigarria egin zaigu baldintza bakar bat agertzea: “Segregazioa eta gizarte-bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian”. Ulertu dezakegu lehenengo testuan konpromiso eta betebeharrak ez agertzea, baina ez dugu ulertzen baldintza bakar bat agertzea (baldintza horrekin ados egon arren). Ikastolok, orain urtebete aurkeztutako endekalogoan, azaldu genituen zeintzuk ezaugarri izan beharko lituzkeen ikastetxe batek Hezkuntza Zerbitzu Publikoan egoteko: euskal curriculumean oinarritutakoa; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; hezkidetza, laikotasuna eta inklusibitatean oinarritua; irabazi asmorik gabekoa, kudeaketa autonomo eta parte-hartze demokratikoarekin … Uste dugu balore horietan guztietan oinarritutako zerbitzua beharko lukeela izan. Bereziki euskarari dagokionean, zergatik ez da ipintzen euskara segregazioaren parean? Horrelako esaldi baten bitartez izatea proposatzen dugu: “…beti ere ikasleen euskalduntze ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian”.
· Dokumentuak euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren alde egiten du. Ados, aipamen egokia iruditzen zaigu; baina dokumentuan hau ere jasota dago: euskal hezkuntza dagoeneko euskara ardatz duen sistema eleaniztuna dela. Beraz, ez da argi geratzen proposatzen den sistemak zer-nolako aldea duen egun indarrean dagoen sistemarekiko, bereziki, egun indarrean dagoen ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko duen ala ez. Hori, guretzat, ezinbesteko neurria da, askotan adierazi dugun moduan. Murgiltze eredua ezarriko den ala ez ere argitu beharra dagoela uste dugu; urteetan aldarrikatzen ari gara hau ere. Beraz, akordioarekin lege artikulatua jorratu ahal izateko, beharrezkotzat deritzogu hezkuntza-sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzea. Ez du zentzurik etorkizuneko sistemak egun indarrean dagoenaren berdina izateak. Hezkuntza-sistema ziklo berri batean sartuko bada, nahitaezkoa da hizkuntzaren esparruan ere anbizioz jokatzea, jauzia egitea. Oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea da aukerarik justuena eta berdinzaleena, eta lehen akordio honek hori jaso beharko luke.
· Elementu interesgarriak ere ikusten ditugu proposamenean, euskararen ikaskuntza-prozesuari buruzko gako asko jasotzen dituelako dokumentuak: helburuak, erronkak, erronkek behar dituzten gakoak, hizkuntzen trataera… Are gehiago, interesgarria da Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrera ere.
· Faltan botatzen dugu Euskal curriculumaren inguruko aipamena ere. Ez dago Hezkuntza Legerik Curriculumaren inguruko aipamena egin gabe, eta lantzen ari garen ponentzian behintzat, gure harridurarako, ez da ezertarako ageri.
· Segregazioaren inguruan egiten duten planteamendua egokia ikusten dugu. Askotan aldarrikatu ditugun ideia nagusiak jasota daude, “beti ere erakunde bakoitzaren eskumenen errespetuan eta familiek ikastetxea aukeratzeko askatasuna errespetatuz, desorekak gainditzeko neurri eraginkorrak adostuz eta berdintasun balditzetan eskolatzeko aukerak bermatuz”. Hau da, eskolatzerako orduan herritar guztien aukera berdintasuna (baldintza berdinak bermatuz) eta hezkuntza eskaintzaren barruan ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatzen dira... Biak.
· Ikastolen ikuspegitik badago beste hutsune bat: Euskal Herriaren aipamena falta zaio. Agerikoa da EAEn lantzen den Lege baten inguruan ari garela; hala ere, Ikastolok uste dugu gure gizarte osoan dagoen nahia bideratzeko ahalegina egin beharra dagoela. Eta horretarako bideak badaudela uste dugu: alde batetik, Euskal Herrian dauden ikastetxe guztien arteko harremanak bideratuz edo ikastetxeen arteko sareak hedatzea bultzatuz; eta, bestetik, Europa mailan dagoen legedia erabiliz, elkarlana sustatzeko erakundeak sortuz eta baliatuz, egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko tresna izan daitekeena eta denontzat estrategikoak diren proiektuak bideratzeko balio dezakeena.
Hurrengo egunetan amaituko ditugu gai hauen inguruan eta aipaturik gabe utzitako beste batzuen inguruan egiten ari garen ekarpenak, eta Eusko Legebiltzarrera igorriko ditugu. Gure nahia da, guztion artean, Hezkuntza Akordioa eta Legea aberastea.