Urruzuno literatur lehiaketa
Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan jaso dute aitortza 2021eko Urruzuno Literatura Lehiaketan irabazle izan diren 20 neska-mutil gazteek, horien artean gure Ikastolako Nahia Iturbek eta Maider Eraunzetamurgilek. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egonaldia egin ondoren iritsi dira gazteok Gasteizera. Izan ere, bost egunez, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute gazteok, berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukerari uko egin gabe. Egonaldi hauxe izan dute irabazleek sari nagusia. Aurten 36. ediziora iritsi da gazteen literaturzaletasuna bultzatzeko Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen duen lehiaketa.
Literatura egonaldia Arantzan
Bost egunez, lagun izan dituzte Arantzako egonaldian Yolanda Arrieta, Fernando Morillo, Eneko Aizpurua edo Eñaut Elorrieta, besteak beste. Idazle, musikari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartzeko aukera izan dute; Eneko Aizpuruarekin, ibilbide literarioa osatu dute Bortzirietako parajeetan, idazlearen Bidasoan gora lana abiapuntu hartuta; Eñaut Elorrietaren gitarra eta ahotsek, berriz, ahaztezin bihurtu dute idazle gazte hauen egonaldia arratsalde batez; eta Amaia Elizagoien Amelie-ren ipuin kontaketa musikatuarekin, gaubelaren bat uste baino gehiago luzatu da. Baina aipaturiko horiez gain, Andoni Egañak eta Jon Maiak giroturiko bertso bazkaria eta gaubela literarioak ere izan dira aste honetako egitarauan. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat, ikasketetara itzuli aurretiko azken opor egunetan.
Aisialdiko kirol jarduerarik ere izan dute egun hauetan, Arantza eta inguruak barne barnetik ezagutzeko. Espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitatu dute idazle gazteek.
2021eko Urruzuno Literatura Lehiaketan 342 lan aurkeztu dira orotara, 55 lan poesian eta 287 prosan. Ohi den eran, egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diren izenek osatu dute aurten ere lehiaketako epaimahaia: Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Goiatz Labandibar, Jasone Osoro eta Patxi Zubizarreta idazleak izan dira epaimahaikide.