Abenduak 3: Euskararen eguna
EUSKARAREN EGUNA,2020
Dagoeneko hemen da abenduak 3, euskararen nazioarteko eguna. Euskaldun ororen egutegian nabarmendurik dagoen eguna ez ezik, argitxoren urtebetetzea ere bada.
Gainera, bi asteren baitan ospatu den Euskaraldiari amaiera ezinhobea emango zaio bihar. Egun hauetan zehar, belarriprest eta aho biziz josi zaizkigu kaleak eta aurten gainera, ehundaka izan dira ariguneak sortu eta ekitaldian parte hartu duten erakundeak. Laskorain Ikastola, horietako bat izan da, ikasle eta irakasleen artean 324 ahobizi eta 50 belarri prestek euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartzeko konpromisoa gauzatu dutelarik.
Gure hizkuntzak duen indarraz ohartu behar gara, hizkuntza txikien barruan, uste baino handiagoak baikara. Egun honen bitartez, honen inguruan hausnartu eta orain arteko esfortzu guztiak merezi izan duela ohartarazi nahi da, euskararen egoerak hobera egitea lortu baita. Hala eta guztiz ere, gure hizkuntza defendatzen jarraitu behar dugu, inguruan ditugun beste hizkuntzek zapaldua ez izateko.
Gaur, euskararen eguna izanda, alde guztietan azalduko dira euskararen aldeko aldarrikapenak, baina hizkuntza honek ez du mendeetan zehar iraun egun bateko ospakizunarengatik bakarrik, urteetan zehar euskaldunok guztion artean eginiko esfortzuagaitik baizik. Honekin, euskara egunerokotasunean bultzatu behar dugula adierazi nahi dugu, euskarak 365 egun dituela,alegia!
Dakizuen bezala, gaurkoa egun handia izan ohi da gure ikastolan: txaranga, dantzariak, txistorra… Baina zoritxarrez, azken aldin bizi dugun egoera honen ondorioz, aurtengoa desberdina izango da, baina ez horregatik okerragoa. Eutsi, jarrai, zabal dezagun euskara lau haizetara, ...gaur, bihar ,etzi!!!!!
Unai Aristi eta Irene Arbeloa
Laskorain Ikastolako Batx 1eko ikasleak.
2020-12-03