Egunero da
Azaroaren 25a beste behin aldarrikapen eguna izan da mundu osoan, eta gure Ikastolan ere bai.
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna izan da aste honetan, eta gure komunitateak indarkeria matxistaren aurka dagoela azaldu du beste behin. Ikastolan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxillergora arte, ekintza desberdinak burutu dira aldarrikapen honen harira.
Txiki-txikitatik, jarrera matxistak landu eta aztertzearen garrantzia ukaezina da. Hori dela eta, Haur eta Lehen Hezkuntzan, ikasleekin jarduera ezberdinak burutu genituen. Jarduera hauen artean, marrazketa, ipuin kontaketak, abestiak, dantzak, laburmetrailak, etab. izan ziren. Ondoren, ikasgela bakoitzean, ikasleekin elkarrizketak bultzatu eta iritziak elkarbanatzeko aukera izan zen.
Eguna DBHko ikasleentzat konpetentzien azterketekin hasi bazen ere, atsedena ondoren, indarkeria matxistak gure egunerokotasunean duen presentziaz jabetzeko eta hausnartzeko jarduerak egin genituen. DBH1koek abestietako mezuak aztertu zituzten eta DBH2koek aldiz, bideojokuak. Bata nahiz bestean indarkeria matxista agerian geratu zen. Bestalde, DBH3koek YouTuber, “influencer” eta “hater” ereduei erreparatu zieten eta kasu honetan ere, duda izpirik gabe, indarkeria matxistaren aztarnak oso nabariak direla ikusi genuen. DBH4koek telesailen lanketari ekin zioten, hemen ere mezu eta jarrera matxistak edonon aurki baitaitezke. Aztertutako eremu horiek mundu birtualean ez ezik, gure egunerokotasunean ere errealak direlako “Egunero da azaroaren 25a”.
Eremu pribatu nahiz publikoan, berdintasunezko harreman ekitatibo eta osasuntsuak beharrezkoak direnez, horiek sustatzen eta curriculumean txertatzen jarraituko du Laskorain ikastolak eta indarkeria matxistaren aurrean, lekuko isilak ez izateari garrantzia ematen.
Ea lortzen dugun etorkizunean, aldarrikapenik behar ez izatea!