Bretoiak gure artean
Joan dira 15 urte DBH 3. mailan frantsesa ikasten ari diren ikasleen eta Bretainako Ar Releg-Kerhouonen, Brest ondoko Diwan kolegioan, gaztelera ikasten dutenen artean astebeteko trukea egiten hasi ginenez geroztik. Beste behin ere, aparta izan da elkarrekin izandako bizipena eta aberasgarria hango zein hemengoentzat eta irakasle zein gurasoentzat. Berriz elkartzeko irrikaz agurtu dute elkar gaztetxoek!
Bretoi eta euskaldunen artean egiten den truke honek badu hamaika alde nabarmentzekorik ikuspegi hezitzailetik: atzerriko bigarren hizkuntzaren ezagutzan aurreratzeko motibazioa areagotzea, beste herrialde bateko gazteekin harremantzea eta haien bizibideari buruzko ezagutza jasotzea, gela barruan ikasitakoari bizitza errealean funtzionaltasuna ematea, opor garaian truke luzeago bat egin ahal izateko trukakidea izateko aukera jorratzea… Guztien gainetik, ordea, bat azpimarratu nahi genuke aurtengoan: bi herrialdeetan hizkuntza minorizatua izanik, gure ikasleek hain ondoan, alde ederreko atxikipena erakutsi dute euskararekiko! Harrigarri izan zaie gure ikasleei beren kideek zenbat hitz egiten duten frantsesez lagun artean. Eta miresgarri, berriz, irakasle bretoiei nola aritzen diren gureak euskaraz. Izan ere, Bretainako Diwan ikastetxeak eta ikastolak helburu berak elkartzen gaitu: jatorrizko hizkuntzaren normalizazioak. Truke honek, besteak beste, hizkuntzen berreskuratze-prozesuan hiztunaren jarrerak zenbaterainoko garrantzia duen ohartzeko ere balio izaten die bai batzuei eta baita besteei ere.
35 euskaldun eta 36 bretoi izan dira Tolosan ikasturte honetako proiektuaren lehen zatian parte hartu dutenak eta udaberri aldean egingo dugu hara joateko bidaia. Han eta hemen gauzatzen ditugun ekintzek helburu bertsuak izan ohi dituzte: batetik, tokian tokiko paraje esanguratsuak ezagutzearekin batera, bertako historiaren eta kulturaren testigantzak jasotzea eta, bestetik, gazteen arteko elkar-lana sustatzea eta ondo pasatzea.
Horrenbestez, proiektuan parte hartu duzuen guraso guztioi eskerrak ematearekin batera (zuen laguntzarik gabe ezinezkoa izango balitzateke truke hau) azpimarratu nahi dizuegu, guztiaren gainetik, buruan izan dezazuela uda partean truke luzeagoren bat egin ahal izateko aukera familia bretoiarekin jorratzea. Zeren, horrela aterako baitzeniokete benetan etekina ikastolak frantsesaren irakaskuntzan egiten duen ahaleginari eta hark ekindako bideari. Finean, ikaslearen eta familiaren esku baita, DBHn hasitako frantsesaren ikasketak Batxilerrean ere jarraipena izanik, ikastolako ibilbidea amaitzea hizkuntza horren ezagutza-maila on baten jabe eginda.
Trugarez - Eskerrik asko