0-3 ETAPA

HAURRAREN IBILBIDEAN, IKASTOLA HAURRAREN BIDAIDE IZANGO DA

Haurrak bere bizitzako lehen urteotan berezkoa duen izaera globaletik pentsamendu operatiborako bidea egingo du. Bide hori ardatz hartuta, ikastolak beharrezko dituen espazio, material, baliabide eta denbora egokiak eskainiko dizkio haurrari.

Adin honetan, berebiziko garrantzia du norberak bere burua ezagutzeak eta baita besteekiko sozializazioak ere. Hala, espazioak, beharraren arabera, txokoetan banatzeak autoezagutza hori eskuratze-prozesuan laguntzea izango du helburu.     

Ingurune sozial eta naturala esploratzea ere funtsezkoa da bizitzako lehen urteotan. Esploratzerakoan, haurrak hainbat ekintza burutzen ditu: begiratu, ikusi, probatu, manipulatu, mugitu, sartu, atera, utzi… Izan ere, akzioa bera da haurraren pentsamendua; horrela, berezkoa duen jakin-mina izango zaio haurrari hazteko arrazoia.  Talde-sena horretan laguntzeko,  berriz, hamaika jarduera egin ohi da: irteerak, jolasak, abestiak, ipuinak…

Adin-tarte honetan, ikastolaren beste egitekoetako bat ezagutzeko grina estimulatzea da. Hala,  haurrak, egoera berriei aurre egiteko, beharrezko dituen errekurtsoak jarriko ditu abian eta egoera berri horiek sortaraziko dizkioten zalantzei aurre egin ahal izango die. Horretarako, baliabide eraginkor bat esperimentazioa duenez, hainbat esperimentazio-tailer eskaintzen zaio.

Bestalde, haurraren garapen emozional eta kognitiboa estimulatzen laguntzeko, ikastolak hainbat proiektu ditu abian, hala nola: adimen emozionala, psikomotrizitatea, esperimentazioa, jolas euristikoak, altxorraren kutxa, …

Bestalde, Psikomotrizitateari esker haurrak bere alderdi motore, kognitibo, afektibo, emozional, sozial eta fisikoa garatzeko espazioa eskaintzen zaio, garapen osoa izateko aukera emanaz.

 

Ezin ahaztu, haurraren garapenean, gurasoek ikastolako jardunean parte hartzea garrantzitsua dela. Helburu horrekin antolatzen dira honako ekintza hauek: literatur astea, musika-astea, baratza Horrez gain, gurasoekiko hartu-emanak jarraiak eta gertukoak izango dira.

 

Azkenik,  ezin aipatu gabe utzi autonomia, zeina haurraren garapen pertsonalean ematen den prozesua den. Hau da,  haurra inguruko erreferentziazko pertsonekiko independentzia emozionalez jokatzeko gai izatera iristea.  Horrela bada, haurrak bidaide izango du ikastola hezte-prozesu osoan: autoezagutzan, arauen onarpenean, fustrazioan, erantzukizunak hartzen, oinarrizko beharrak asebetetzen…