Merkatu Txikiaren balorazioa
Merkatu Txikia Batzordea osatzen dugun guztiok eskerrik beroenak luzatu nahi dizkizuegu zuen eskuzabaltasunarengatik.
Aurtengoa 23. urtea izan da merkatu txikia antolatu duguna eta urtero bezala, aurtengo ekitaldiko parte hartzea zabala izan da. Hona datu batzuk: guztira 80 dendarik eta erakundeek hartu dute parte; antolaketan nahiz salmenta txandatan arduradun eta laguntzaile gisa, bi astetan 150 guraso, irakasle, ikasle eta ikasle ohi aritu dira laguntzen. Herritarren partaidetza berriz zenbatezina da.
Helburu nagusiena ekonomikoa ez bazen ere, oso erantzun ona izan du aurtengo edizioak eta, 15.600 € lortu ditugu. Urtero bezala, saldu gabe gelditu den guztia Emaus Fundazioak jaso du; diru laguntza berriz “Baltistan Fundazioa”, “Ibarratik Misio Taldea” eta “Tolosaldea Sahararekin” taldeen esku geratu da, dituzten egitasmoetan orain arteko lana eginez jarrai dezaten. Bestalde, Merkatu Txikia, diru laguntza jasoko duten gobernuz kanpoko erakundeak ez ezik, bertako behartsuak ere laguntzeko ekarpen garrantzitsua dela deritzogu.
Beraz, elkarrekin burutu dugun ekimenaren arrakasta ikusita, eskerrak eman nahi dizkizuegu berriz ere zuei guztioi eta datorren ikasturtean indarberrituz egitasmo honi berriro ere ekingo diogula gogorarazi nahi dizuegu. Aipamen berezia helarazi nahi diegu bere denbora eta lana eskaini diguten guraso, langile eta ikasleei ere; hauek gabe ez baita posible honelako ekimenak aurrera ateratzea.