Batxiko ikasleekin bazkaria
50. urteurrena ospatu dugun honetan ere, ezari-ezarian joan da ikasturtea eta harekin batera, San Juan usainean, alde egin digute haur, gaztetxo eta gazte izatea gurekin eman duten Batxiler 2. mailako ikasleak. Joan den asteatean, mahaiaren bueltan elkartu ginen ikasle eta irakasleok otordu garaian.
Gradu berri bat irabazi dute, jada ez ditugu ikasle, ikasle ohi baiziik. Kumeak habiatik nola, hala hegaldatu dira 120 gazte inguru hemendik aurrerako bideari heltzeko ilusioz.
Bide-lagun izan gaituzten urteetan, izan dira gorabeherak, argi-une eta itzal-guneak; edonola ere, gure onena eskaintzen ahalegindu gara, beste behin ere, nahiz eta badakigun, agian, ez dugula guztiekin eta beti asmatu. Orain, gure artean eraikitako ezagutza eta balioak gizarteratzea geratzen zaie eta, batez ere, herri honen eraikuntzan eragile euskaltzaleak izatea edo izaten jarraitzea.
Aurrerantzean ere ikastolak ateak zabalik izango ditu bertaratu eta, era batea edo bestera, gurekin elkar-lanean aritu nahi duen guztiarentzat, izan praktiketako irakasle, irakasle, guraso, lagun...
Nahi duzuen arte!