Mendimetroak Lizardira
2017. urtean Gipuzkoako Mendi Federazioaren enkarguz, Luix Mari Zulaika, EHUko Gorputz hezkuntza eta Kiroleko irakasleak haur eta gazteek mendizaletasuna nola praktikatzen duten aztertu eta ondorioak argitaratu zituen.
Aurten KILOMETROAK, Gipuzkoako ikastolen jaia, Urretxu-Zumarragan antolatzen ari gara eta urriaren 7an bere egun handia ospatzera goaz. Horren harira, Luix Mari Zulaikaren txostena irakurri ondoren, txosten horren emaitzekin kezkaturik, ikastoletatik mendizaletasuna sustatzea erabaki genuen iaz eta horrela jarraituko dugu egiten aurten ere MENDIMETROAK ekimena antolatuz.
Zertan datza MENDIMETROAK? Gipuzkoako Ikastola guztietara mendi txango bat antolatzeko proposamena luzatu da. Maiatzaren 20ean herrialdeko ikastolak, denok batera, txangoan atera gara, bakoitza bere txokora baina denak egun berean. Gaur egun edozein jarduera fisikoak duen testuinguru lehiakorretatik urrun, txango hauekin mendiak komunitatea sendotzeko duen indarra azpimarratu nahi dugu. Ez da tontorrik behar! Horrela, gure kasuan Lizardiko monumentura joan ginen, eguraldi bikainarekin.
Mendia gure historia, izaera eta nortasunarekin guztiz lotuta dago, ezin diogu bizkarra eman nahi. Goazen gure gazteekin mendira eta ikas dezagun espazio horretaz gozatzen.