Euskarabenturarako aukeratuak
Aurten lehen aldiz martxan jarriko den Euskarabentura ibilaldirako aukeratuak izan dira Ikastolako bost ikasle: Batxiler 1eko Unai Altuna, Leire Bengoetxea, Xabat Iruiñ, Haimar Martin eta Libe Martinez de Rituerto.
Ibilaldia uztailaren 1etik 31ra burutuko dute, Mauletik Getxora oinez, tartean Santio Bideko, gizateriaren ondareko eta beste hainbat leku interesgarri pasatuz. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta diasporako 16 eta 17 urteko 120 gaztek hartuko dute parte. Bidaian zehar hainbat pertsonai ezagunekin egoteko aukera izango dute, euskalki desberdinak ezagutu, zenbait aktibitate burutu (museoak bisitatu, hitzaldiak, tailerrak, kirol txapelketak, eztabaidak) eta ibilaldiaren bukaeran proiektu bat aurkeztu beharko dute.
Euskarabenturako arduradunak Ikastolan izan ziren bere asmoa azaltzen ikasleei. Parte hartu ahal izateko lan bat aurkeztu behar zuten (idatzia, bideoa, musikala edo artistikoa) gai hauetako bati buruz: euskara eta herria, euskara eta emakumea edo euskara eta itsasoa. Horrekin batera motibazio gutun bat idatzi behar zuten. Aurkeztutako lan guztien artean, gure bost ikasle hauen lanak aukeratu dituztela jakinarazi zieten apirilaren 16an.
Bostek euskara eta herria gaia aukeratu dute eta denek, Libek izan ezik, bideoa egitea aukeratu dute, horretarako aurretik gidoia prestatuz. Unai Altunak Izaskun, udaletxe eta Zerkausiko irudiekin, Tolosako gastronomia, Inauteriak, Ikastola, Argitxo… aipatu ditu egindako lanean.
Leire Bengoetxeak txikitandik euskaraz bizi garela eta euskararen erabilera handitu egin dela adierazi du bere lanean, horretarako Kale Nagusiko balkoietan dauden kartelen eta Alde Zaharreko irudiak jasoz.
Xabat Iruiñek Ikastolako Helena Baraibar eta Galtzaundi euskara taldeko “Felix” Artola elkarrizketatu ditu gerra ondoren Ikastolaren sorrera eta Euskaraz Bizi proiektua aurkezteko eta euskararen ezagutza eta erabileraren datuak azaltzeko.
Haimar Martinek Izaskundik hartu ditu bideorako irudiak eta euskararen garrantzia eta erabilera eta ezagutza datuak azaldu ditu bere lanean.
Azkenik, Libe Martinez de Rituerto izan da idatzia aukeratu duen bakarra. Lan historikoa burutu du, kronologikoki ikastolaren sorrera, gerra, gure ikastola, Kilometroak… jasoz.
Lanarekin batera aurkeztu behar zuten motibazio gutunean antzeko arrazoiak azaldu dituzte bost aukeratuek: beti euskaraz bizi direla, kirolzaleak direla, jende berria ezagutu nahi dutela…
Espero dugu saria izango dute bidaiaz gozatzea eta bueltan bere esperientzia hemen kontatzea.