Bretainiako ikastetxearekin trukea

Aisia eta lana uztartuz, frantseseko ikasleak aukera izan dute astebetez frantsesez bizitzeko; ikastolan ikasitakoa praktikan jartzeko eta, era berean, aberasteko.

Ar Releg-Kerhuon herrian dagoen Diwan ikastetxearekin gauzatu dugu trukea; 23 ikasle eta 3 irakasle bertaratu ginen, han gaztelera ikasten duten 32 ikasle eta 3 irakaslerekin burutu genuen egonaldia. Aurten turismo-ekintzak ez ezik, lan-saioak ere egin ditugu.

Turismo-ekintzetan, nabarmentzekoak izan dira St Mathieu lurmuturrean dagoen II. mundu gerrako bunker baten zein faroaren bisita. Kayak egiteko aukera ere izan genuen, itsasoan dagoen gaztelu bat ezagutzera joan baikinen arraunean. Erdi Aroko abadia bat ere bisitatu genuen; bestetik, Camaret nahiz Morlaix hiriak ere ezagutu genituen. Aipagarria da bisitatu ditugun tokietan ikasleek azalpenak frantsesez entzuten zituztela.

Bestalde, hango nahiz hemengo ikasleak elkarrekin lanean aritu ziren. Hainbat gai landu zituzten (Euskal Herria, Tolosa, euskara, geografia, musika…); horien berri urtebete gazteago diren ikasleei eman zieten.

Egonaldiari bukaera emateko, kolegioan festa egin genuen.

Horren guztiaren lekuko dira honako argazkiak eta trukearen blogean argitaratu ditugun berriak (https://echangediwanlaskorain.blogspot.com/).