Tolosako Baso eskola

Tolosako Baso Eskola Elosegi Parkean gauzatuko da. Zedro, altzifre, haritz, pago eta ezki baso bat da, muxar, saguzar eta hainbat anfibio eta intsekturen babeslekua. Tolosako udala  konponketa lanetan hasia da dagoeneko eta parke honi hainbat erabilpen emate aldera, Udaletxeak, TIZ eta Ekoguneak  Tolosako hiru ikastetxeei Baso Eskola Proiektu hau eskaini digute, haur hezkuntzako haurrekin gauzatzeko. Ezezaguna bada askorentzat, Europako iparraldean oso hedatua dagoen egitasmo bat da.  

Proiektu honen helburua, basoan gure konfiantza (norberarena, besteena eta ingurunearena) garatzea da: behatu, arakatu, jolastu, ikertu, sentitu, bizi, zaindu … Ikastetxearen ohiko hezkuntza-espazio formaletik irten eta basoak eskaintzen duen giroan murgilduta. Haurren hezkuntzan Natura (gure kasuan basoa) ikaskuntza-espazio gisa lantzea.

Lehen fase honetan, proiektu pilotu bat eskaini digute maiatzean, 4 urteko haurrekin gauzatzeko. Egitasmoaren eta gure bizipenaren arabera, irailetik aurrera  izango duen jarraipena erabakiko da.

Honegatik, Haur Hezkuntzako irakasleak bertan jarduteko formakuntza jasotzen hasi gara. Metodologi honen ardatzak barneratzeko eta bertako ezagutzak era egokian haurrei eskaintzeko.