Roberto Aguadoren hitzaldia

Hasteko, Kepa Goikoetxeak, Laskorain Ikastolako zuzendariak, Roberto Aguado hizlaria aurkeztu zuen. Curriculum luze eta zabala du Robertok. Psikologia Klinikoan aditua, hainbat unibertsitatetako irakaslea, zentro eta institutu ezberdinetako zuzendaria, hainbat libururen egilea, ikerlaria eta komunikabide ezberdinetan kolaboratzaile baita, besteak beste.

“La emoción decide y la razón justifica” titulupean, hitzaldi oso interesgarria eskaini zuen: Adimen Emozionalaren inguruko klabe garrantzitsuak eskainiz.

Pentsatzen duguna eta gertatzen ari dena ezberdintzearen garrantzia azpimarratuz ekin zion Robertok hitzaldiari. Iraganeko nahiz etorkizuneko gertaerek, momentuko emozioetan, orainean baitute eragina. Eta horrek, pertsona, baldintzatu egiten duela zioen.

Zoriontasunaz ere jardun zen. Honi lotuta, momentu ezberdinetarako erabilgarriak, egokituenak diren emozioak sentitzea dela egokiena azaldu zuen. Hori dela Emozionalki Adimentsua izatea. Malgutasun emozional hori osasun mentalaren baliokide dela ere aipatu zuen.

Ekintza ezberdinen aurrean sentitzen den emozioa identifikatu eta gorputzean sentitzen den lekua hautematearen inguruan ere jardun zen. Haurrei sentitzen erakustea garrantzitsua dela azpimarratuz. Emozioek, bihotzaren taupadak, arnasketa eta tenperatura erregulatzen baitute.

Haurdunaldiaz eta neurozientziaz ere aritu zen. Haurrei, kuriositatean, segurtasunean, mirespenean eta poztasunean (errefortzu gisa) egoten erakuts behar zaiela aipatu zuen. Lau emozio horietan egon behar dela ahalik eta denbora gehienean; eta hortik etorriko dela ikaskuntza. Begiradaren garrantzia eta familia eta ikastola, elkarrekin, bide beretik joatea ezinbesteko dela ere aipatu zuen.

Hori guztia eta gehiago, izugarrizko komunikatzeko gaitasunarekin; hizlari bikaina baita Roberto Aguado. Hizketan hasi orduko poltsikoratu zituen Topic-en zeuden ikus-entzuleak ,eta bi orduz, liluratuta adi-adi jarraitu zituzten adituak kontatutakoak.

Hitzaldian erabili ziren diapositibak ikusteko moduan daude ondorengo lotura HONETAN.