Orientazio saioak Batxilergokoentzat

    Joan den ostegunean, azaroaren 16an, goizez, Batxilerreko 2. mailako ikasleei eskainitako mahai-ingurua egin dugu bigarren urtez segidan. Maila honetan ataka estua izaten da aukeratu beharra eta kasurik gehienetan larritasunez bizi ohi dute: datorren ikasturtean hasiko dituzten ikasketak erabaki beharra, etorkizunean zer-nolako langintzatan aritzeko zaletasuna duten hausnartzea, lan merkatuko aukerak aztertzea, norberaren indarguneak ezagutzea…  

           Ohikoa dugu, bigarren mailan batik bat, Batxilergoa gainditu osteko ikasketen aukera zabala aurkeztea eta, horretarako, informazio iturri desberdinak baliatzea. Horien artean, sareak eskura jartzen dizkigun aukerak baliatzez gainera, ohikoa dugu unibertsitateetatik eskaintzen zaizkigun bisitei leku egitearekin batera, graduetan aurrera xamar ari diren ikasle ohien bisitak ere eskaintzea. Horrelakoetan, gazteek euren ikasketa prozesuari buruzko informazioa eman ohi diete gure ikasleei, beti ere, bizipenetik abiatuta.

           Aurtengoan, iaz hasitako bideari jarraiki, lan eremu desberdinetako profesionalak mahai inguru baten bueltan elkartu eta haiek lehen pertsonan kontatutako bizi eta lan esperientzia entzuteko aukera eman diegu gazteei. Izan ere, nahiz eta oraingo ikasleak izan, seguru aski, datozen urteetan egin ditzaketen ikasketen inguruan eskura informazio gehien duten ikasleak, beste edozein garaitako ikasleekin alderatuta,   ohi bezala,  kezkaz eta zalantzaz beterik ditugu.

           Horiek argitzen laguntze aldera, batetik, lanbide batean edo bestean ari dena “zertan aritzen den” eta, bestetik, hau edo hura ikastea erabakitzerakoan, zeri erreparatu zion ekarri ditugu 7 kide mahaiaren bueltara. Horietatik 5 ikasle ohiak. Bakoitzak bere bizipenak azaldu ditu: ikasketak hautatzeko arrazoiak, bertan topatutakoa, ikasketetan egindako ibilbideak, lan munduko esperientzia eta bertan egin ibilbide anitza, finean: bizi esperientziaren berri eman dute. Ohiko informazio saioetan topatzen ez den hura adierazi dute.

Honako hauek izan dira partaideak:  Unai Artola, Kristina Marco, Ioritz Galarraga, Unai Igartua eta Irati Hartsuaga ikasle ohiak; Amaia Labaien Inmakulada ikastolako irakaslea eta Edurne Ruiz, gurasoa.

Partaideek bideratzaileak egin lau galderaren bueltan adierazi dute beren ibilbidea eta, esandakoen artean, hiru ideia nagusi azpimarratu dira amaieran:

  • Eta hemendik aurrera zer ikasi? galderaren erantzuna ez da hil ala bizikoa: ikasketak birbidera daitezke eta baita lan ildoa ere. Gaztetan, batik bat, egingarria da eta komenigarria ere bai.

  • Aukeratzeko garaian nori egin kasu, zeri erreparatu? Aintzat hartzeko aldagai bakarra ez bada ere, “entzun bihotzari”. Horixe zioten mahaitik behin eta berriz: Goi Mailako Ingeniaria izanik, dantzari profesional denak; Gizarte Hezkuntza ikasi eta Musika irakasle ari denak; zaletasun filologikoa izan eta itzulpengintzatik bizi denak; eta  jendearekin aritzea gogoko izan eta esparru desberdinetako hezkuntza arloan ari direnek.

  • Zer-nahi aukeratuta eta usterik onenekin joanda ere, “usteak, erdia ustel” direnez, inoiz gutxitan topatzen da goi mailako ikasketetan izango omen zela agindu zen hura. Garrantzitsuena, norbera bere baitako sentipenekin koherente izatea eta arduratsu jokatzea. Hortxe arrakastaren gakoak.

 

Ordu eta erdiz aritu bagara ere,  jakin minez bukatu dugu. Hemendik aurrera, gazte hauek tutorea izango dute bidelagun eta hainbat ikasketari buruzko informazio zehatza Unibertsitateko profesionalengandik jasoko dute, ikastolan bertan antolatutako saioetan.

Jakina, gurasooi ere emango dizuegu horien berri garaiz, bertan parte hartu nahi izanda ere.