Paella eta abesbatza Musikherrian
Joan zen larunbatean Musikherria festa ospatu zen Tolosan, abeslari eta musikari talde asko elkartuz bertan kalez kale musika egiten ibiltzeko. Tartean izan zen Laskorain abesbatza ere. Azken urteotan bezala, festako partaideentzako bazkaria prestatu eta serbitzeaz Ikastola arduratu zen. Paella eta oilasko goxoa prestatu zuten gurasoek eta langileek (langile ohiren bat ere bai), beti bezala, eta ikasleek serbitu. Guztira 300 lagun elkartu ziren bazkarian, sukaldean 15 aritu ziren eta serbitzen beste 25. Giro ederra sortu zen txarangekin eta dultzainarekin. Larrain dantza ere dantzatu zen bazkariaren ondoren. Eta lortutako dirua Gautena elkartearentzat izan da. Elkarte honek autismo arazoak dituzten ikasleen gela iraunkorra du ikastolan bertan.