Lehendakari berria Artezkaritza Kontseiluan
Erreleboa izan da Ikastolako Artezkaritza Kontseiluko lehendakaritzan: Irene Larrazak hiru urteko epea bete du eta Aiora Zulaika hautatu dute bera ordezkatzeko. Biak nahiko ezagunak dira kultura munduan eta komunikabideetan. Irene Larraza Etxepare Fundazioan ari da lanean azken urteotan, Syntorama musika promotora, Tolosako Udala eta Koldo Mitxelena Kulturunean aritu ondoren. Urritik Etxepare Fundazioko Kultura zuzendaria da. Aiora Zulaika Pirritx eta Porrotx pailazo taldeko Pirritx da. Umeekin lan egiten ohituta dago, Ikastolen Elkartearekin hainbat proiektu burutu ditu eta aurten Haur Hezkuntzako irakasle ikasketekin hasi da. Irenek lau seme ditu eta Aiorak, hiru. Biekin hitz egiteko tartea hartu dugu, Artezkaritza Kontseiluko esperientziaz aritzeko.
Irene, nolakoa izan da esperientzia?
Irene Larraza: 2011ko urtarrilean sartu nintzen Artezkaritza Kontseiluan kide gisa eta handik hiru urtera, lehendakari izendatu ninduten. Juntakide bihurtzea jauzi handia izan zen. Guraso bezala ikastolaren errealitate bat ikusten duzu, oso txikia, logikoa den bezala, eta juntakide bihurtzen zarenean Ikastolaren beste ikuspegi bat hartzen duzu: proiektu pedagogikoa, enpresa eta beste alderdi asko ezagutzen dituzu. Berriena hori izan zen, barrunbeak ezagutzea.
Zein izan zen zure lana lehen urte horietan?
I.L.: Hasi eta berehala Kilometroen dinamikan sartu ginen eta eten egin zen betiko eskema. Kontseiluko kideak Kilometroetako batzordeburu bihurtu ginen. Kultura eta ikuskizunetan tokatu zitzaidan, batez ere ikuskizunetan. Kilometroen esperientzia oso aberatsa izan zen niretzat. Ur handitan sartu ginen, ez ginen konformatu jarraipen bat egitearekin.
Eta lehendakari garaian?
I.L.: Kilometroak pasatu ondoren izan zen eta berriz hastea bezala izan zen zentzu batean. Eta Kilometroen ajea nabaritu genuen, guraso asko mobilizatu zirelako eta jende berdintsua ginelako paella guztietan. Batzorde guztiak aktibatzen ez genuen asmatu, baina ezin zaio Kilometroen abiadura eskatu Juntari.
Zein da lehendakariaren zeregina?
I.L.: Lehendakaritzan beste ardura bat daukazu. Juntakide bezala azkenean baliotu egiten duzu erabakitzen dena, onetsi, babesa eman. Erabaki potoloak hortik pasatzen dira, baina erabakiaren sukalde lanetan ez zaude. Lehendakari bezala arlo pedagogikoan ez zaizu neurriak hartzea tokatzen, baina korapiloak daudenean, enpresa handi guztietan bezala izaten direlako, hor egon behar duzu. Landu beharreko gaiak daude eta sukalde hori gehiago ezagutzen duzu.
Zein izan dira Ikastolaren erronka nagusienak epe horretan?
I.L.: Hiru erronka handi zituen ikastola aurkitu nuen. Arlo pedagogikoan aldaketa handiak izan dira: EKI eta Konfiantzaren Pedagogia. Laskorainek aitzindari izateko bere burua eskaini du arlo horretan eta proiektu berriek aldaketa handia suposatu dute irakasleentzat, ikasleentzat eta gurasoentzat. Bestalde, langileen jubilazio asko batera izatea tokatu da. Une berezia izan da: aldaketa horiek eragin handia daukate pedagogia arloan eta ikasle kopurua beheraka joango dela badakigu, beraz perspektiba handia eskatzen du. Proiektu errealista egin behar da enpresa aldetik. Azkenik, Sakramentinoetako obra izan da beste erronka nagusia. Egun batetik bestera aktibatu zen, Eusko Jaurlaritzak aspaldi emateko zuen inbertsioen diru-laguntza ebatzi zuenean. Teknikoki ez zait tokatu gainean egotea, baina hor tartean daude jarraipena, erabakiak, lehiaketak, irizpideak jartzea dena aukeratzerakoan, arkitektotik hasi eta enpresa guztietara. Oso esker oneko lana da, ikusten duzulako aurrera doala. Erronka pedagogikoarekin ere lotuta dago, noski. Horrek zoramena ekarri du ikasturte honetan antolaketan, leku aldaketengatik.
Zer da ikastola zuretzat?
I.L. Enpresa handia, Tolosan neurri horretako gutxi daude. Konplexua da eta izaera oso partikularra dauka, gurasoak eta langileak garelako enpresaren jabe. Ez dakit zein puntutaraino horren jakitun garen. Urtero batzarretan errepikatzen dugun gauza da. Denon inplikazioa eskatzen du.
Zein aholku emango zenioke Aiorari?
I.L.: Zure bizitzak eta lanak denbora asko jaten dizutela eta ez zarela iristen gauzak nahi bezala egitera. Nik nire burua zigortu dut horregatik eta hori ez egiteko esango nizuke. Kike Amonarrizek askotan esaten du zerbaitetarako pertsona bat bilatu behar duzunean, lanpetuta dagoena bilatu behar dela, horrek esan nahi duelako badabilela, badakiela, borondatea badaukala. Badakit lanpetuta zaudela. Egiten duzun hori ondo eginda egongo da, eta egiten ez duzuna ebitaezina izango da. Proiektua oso polita da: gehiago ezagutzea, gehiago jakitea Ikastolari buruz.
Aiora, nola iritsi zaizu ardura?
Aiora Zulaika: Ez nuen nire burua prest ikusten horrelako ardura baterako, batez ere gure umeak oso txikiak direlako oraindik. Artezkaritza Kontseiluko edozein kide gai ikusten nuen horretarako, baina ni izan naiz hautatua. 12 urte daramat ikastolako guraso bezala eta azken urteotan ematen ari diren aldaketetan adi egon naiz. Behin piszinara botata, orain igeri egin behar dugu, eta igeri egin baino, eta hala adostu dugu batzordean, arraun egitea nahiago dut. Komunikazio arduraduna edo aurpegia jarriko duena ni izango banaiz ere, askotan taula gainean gertatzen den bezala, azpian jende asko ari da lanean. Denen laguntza izango dugu. Erronka interesgarria da. Ikusita ikastola proiektuan zer aldaketa ematen ari diren, hezkuntza proiektu herritar bezala ikusita, oso momentu interesgarriak dira. 50 urte ez dira alferrik pasa. Ilusioz sartzen naiz, eta beldur pixka batekin, bertigoarekin.
Nola eramaten dute seme-alabek eta senarrak?
A.Z.: Badakite ama hor ez baldin badago beste zerbaitetan egongo dela sartuta eta ohituta daude. Etxekoei tokatzen zaie ardura horien ondorioa pairatzea. Mila saltsatako emakumeak gara eta hau, bat gehiago da.
I.L.: Etxe batzuetan afari garaia oso inportantea da, ama ez badago, zerbait larria da. Baina inpresioa daukat gure etxeetan azkenean hamaika saltsatan gabiltzala eta oso ondo moldatzen direla denak gu gabe, hala tokatzen bada. Eta gustatzen zaigu etxean egotea, noski, egun osoa etxetik kanpoan ibili ondoren. Ekarpen emankorra ari zarela egiten ikusten dute, musu-truk eta sinesten duzulako horretan.
Nola sentitzen zara Artezkaritza Kontseiluan?
A.Z.: 800 familia gara ikastolan eta hilero 15 bat kide elkartzen gara, irakasleak eta gurasoak, eta hor egosten dira gauza asko. Horko partaide izatea oso interesgarria da, azkenean erabakigunea hor dagoelako. Eta hori partekatu ahal izatea oso interesgarria da.
Zein izango dituzue erronka nagusiak?
A.L.: Sakramentinoetako etxe berria bukatzea, ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunak antolatzea eta burutzea eta datorrena datorrela. Ikasturteak betetzea polita da, urteak betetzea polita da eta abenturak bizitzea ere bai. Aspalditik gatoz eta urrutira goaz.