Guraso eusleak?

Galtzaundi euskara taldearekin elkarlanean euskararen erabilera indartzeko egitasmo berri bat jarri du martxan.Gure seme-alabak euskaraz bizi daitezen dugu helburu. Azken ikerketaren emaitzei erreparatuz, ezinbestekoa iruditu zaigu Galtzaundi Euskara Taldearekin batera ekimen hau bultzatzea.

Horregatik Guraso eusleen ekimena prestatu dugu. Zein da helburua? Gurasoon artean euskara gehiago erabiltzea eta seme-alabentzat eredugarri izatea.

Zer egingo dugu? Maiatzaren 8tik 26ra gurasook gauden egoeretan, ( sarrera-irteeretan, jolastokian…), euskara erabiltzen saiatu behar dugu. Hori da erronka eta horretan guraso guztiok ahalegintzea nahi genuke.

Eta zer da eusle izatea? Hiru astez, norberak hautatutako txandan, guraso batzuk eusle rolean arituko gara: euskara erabiltzeko ahalegin berezia egingo dugu eta gure jarduna euskara hutsean izan dadin saiatuko gara. Gainontzeko gurasoek identifikatu egingo gaituzte eta, ekimen honen berri izango dutenez, helburua haiek ere euskaraz ari daitezen kutsatzea da.

Zer egin eusle izateko? Ekimenean aktiboki parte hartu nahi duten gurasoak behar ditugu. Lagun iezaguzu!! Horretarako, erantzun ezazue galdekizuna. Ziur, denon artean, gure herrian euskara gehiago erabiltzea lortzen dugula. Helduko ahal diogu erronkari! Anima zaitez!!