Aste Santuetan DBH1ekoakDonostiatik Donibane Lohitzunera

Astearte goiza da, iratzargailuak noiz joko itxaron, gosaldu, motxila hartu eta lau eguneko bidaiatxoari hasiera emateko unea heldu da. Errenkadan sartu dira ibiltariak autobusean, batzuk urduri, besteak pozik, gurasoak agurtzeko betarik gabe batzuk edo etxekoak bero agurtuz besteak.

Gure oinek, aldapa malkarretan gora egin dituzte lehen pausoak, Ulian gora, eta irribarretsu eman digute ongi etorria bidelagun izan ditugun kaioek. Ez gaituzte erasotu behintzat, karramarroen tankera bat baino gehiagok hartu arren. Ibiltariak mariñel, eta ondoren pirata bilakatu nahian Arrokaundietako piraten etxera abiatu ginen ezpatak, loroak eta ron botilak topatuko genituelakoan.

Garai batean eraikitako talaiak erakutsi ziguten bigarren eguneko bidea. Bertan, iparraldeko lagunekin hitz egiteko aukera izan genuen, baita lagun berriak egiteko abagunea ere. Nori otuko ote zitzaion zaldiari janaria eskaintzea? Eta gero komeriak gure bazkariak ostu ez zitzan…

Martxa luzearen ostean nekaturik iritsi arren, gure gitarra-jole artistek eskeinitako kontzertuaz gozatu eta elkar besarkaturik egin genuen gaua, ondo pasatzeko gogoa kentzen ez zigun hotzari aurre egiteko. 

Bonjour! Hori izan zen Hendaiako hondartzan zehar jendea agurtzeko modua, baita Ziburu edo Donibane Lohitzuneko kaleetan barrena erabilitakoa ere. Kostako ibilaldia izanik, hondartza zapaldu gabe ezin geratu eta ederki ibili ginen hondarretan jolasak egiten. Zebilen haize finak hankak soilik bustitzeko eta bainujantziak motxilan uztera bultzatu zigun. Agur esateko modu hoberik ba al da, gure ziburuko ikastolako lagunei eskerrak emateko abesti bat prestatu eta abestea baino? Abestiak dioen bezela:

Hauxe prestatu

dugu gaurko

zuen etxean

Gaudelako

euskaldun denak

senide garelako

Kaskarotenea

Eskerrikasko.

Abesteko, elkar ezagutzeko, irribarreak nonahi zabaltzeko, maite ditugunak gogoratzeko, euskarak mugarik ez duela konturatzeko edo bizitzan ahaztuko ez dugun ibilaldi hura gogoratzeko, jarrai dezagun pausuak ematen zoriontasunera!