Azoka solidarioa Sahararen alde
LH 6. mailako ikasleek, EKI proiektuaren barruan, egoera ahulean bizi diren herrialdeak aztertu dituzte 2. ebaluazioan, Senegal eta Euskal Herriko hezkuntza, osasuna eta zerbitzuak aztertuz eta konparatuz. Kontzientzia sortzeko eta beharrean dauden pertsonei laguntzeko azoka solidarioa proposatzen zuen EKI proiektuak eta horixe burutu dute, horretarako klaseetan prestatuz eskulanak (eskumuturrekoak, giltzatakoak, markoak, lepokoak, boligrafo-ontziak, brotxeak, orri markatzaileak…) eta pintxo osasungarriak (patata tortila, fruitu brotxetak, gildak, hojaldrezko saltxitxak…). Horien salmentatik lortutako dirua Tolosaldea Sahararekin erakundeari ematea erabaki zen, urteetako harremana duelako ikastolarekin, elkarrekin antolatzen dugun Merkatu Txikiaren bidez. Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek argazkiak, bideoak eta musika helarazi zizkigun, azoka girotzeko eta sentsibilizazioa lantzeko geletan. Bestalde, ikasleek kartelak eta apaingarriak egin zituzten ekitaldirako. Apirilaren 26an burutu da azoka solidarioa ikastolako areto nagusian, LHko ikasle eta irakasle guztiei gonbidapena luzatuz parte hartzeko eta erantzun bikaina eman dute, jende asko elkartuz eta diru mordoa bilduz: 649,90 euro. Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkariari eman diogu diru hori eta berak opari gisa Saharako eskumuturreko bana eman dizkie ikasleei. Eskerrak eman nahi dizkiegu, lehendabizi ikasleei egindako lanarengatik eta bestetik bisitari eta erosle gisa parte hartu duten guztiei.