Basagainera igande goizen
Gaurkoan mendi ibilaldirako eguraldi paregabea egokitu zaigu. Anoetara trenez eta handik, trenbidearen ondotik, Elbarrena auzoraino bide zelaitsua izan badugu ere, Arrotarte baserriaren ondoren Basagainerako aldapari heldu diogu.
Ordu erdiz sasoi onez igo dira txikienak ere, eta poliki-poliki Agerre Txiki bordaren aldamenetik Burdin Aroko aztarnak azaltzen dituzten informazio paneletaraino iritsi gara.
Bertako pagoaren aldamenean taldeko argazkia atera eta hamaiketakoa egiteko asmoa bagenuen ere, haize fina zebilenez Ateaga baserriko babeseraino jeistea erabaki dugu.
Bidean, garai bateko karobia ikusteko aukera izan dugu.
Eta Ateaga baserri ikusgarrian eginiko hamaiketakoarekin batera atsedentxoa hartu ondoren, Muga Ranchetik barrena (zalditegia itixita zegoen eta pena), aldapa behera Fraisororaino iritsi gara. Bidean artalde eta ahuntz eta antxume polittak ikusteko aukera izan dugu.... geltokira iritsi eta hamar minututan trena!
Martxoan hurrengoa!