Euskaraz Bizi Eguna
Abenduaren 3a Nazioarteko Euskararen Eguna larunbata denez, bezperan ospatu dugu. Gure ikastolan Euskaraz Bizi Eguna deitzen diogu eta manifestua irakurriz hasi da. Aurtengo protagonista nagusia hil berri den Imanol Urbieta musika konposatzailea eta irakaslea izan da. Bere abesti ezagunenak ikasi dituzte maila guztietako ikasleek eta irakasleek, ondoren jendaurrean abesteko. Txistorra pintxoa ez da falta izan, urtero bezala, eta txikienen artean, bizkotxoa. Gainera olerkiak sortu, marrazkiak egin eta jolasetan ere aritu dira. Eta Ikastolako txarangak festa alaitu du.
Ondorengo manifestua prestatu dute ikasleek
Zer izango litzateke itsasoa urik gabe? Eta Euskal herria euskararik gabe? Euskara euskaldunik gabe?Zaila da imajinatzen, ezta?
Denboraren zirrikituetan galtzen utzi ez dugun hizkuntza aldarrikatzeko elkartu gara hemen, arbasoek goxo zaindutako altxorra maitatzeko, baloratzeko, txikitasunean handiak garela oihukatzeko.
Euskara hizkuntza izateaz gain, ez al da sentimendua? Konpromiso sanoa? Gure erabileraren baitan hazi edo hilko den olatu bat?
Euskaldunok gara olatuaren apar, eta ez gara ortzi-mugan desagertuko. Urteko gainontzeko egunetan ere itsasoan jarraituko dugu, euskararen erabilera ez baita abenduaren 3ra bakarrik mugatzen.
Horregatik, eman diezaiogun euskarari bizia mugarik gabe.
BIZI EUSKARAZ BIZI!!!!