Hizkuntza eta emozioen elkartrukea
Urriaren 16tik 23ra arte Flandriatik etorritako 21 lagun eta Sardiniatik iritsitako 19 lagun izan genituen gure artean, Erasmus+ programako “Minority languages: good travelling companions” proiektuan elkarlanean aritzeko asmoz. Laskorain ikastolako batxilergoko ikasleek jaso zituzten beraien etxeetan eta mimoz zaindu ere.
Ikastolako zuzendaria den Kepa Goikoetxearen ongietorriak lehenik eta Tolosako alkatearenak bigarrenik ilusioz betetako aste bati eman zioten hasiera: goizetan burubelarri aritu ginen bidaiarientzako gida eleanitza elkarlanean osatzen. Gure kulturan murgiltzeko parada ere izan zuten: hala nola, gure abestiak abesteko, herri kiroletan parte hartzeko, edo gurekin dantzatzeko. Bestalde, Tolosan, Donostian, Zugarramurdin, Baionan eta Bilbon espero ez genuen eguraldi ederraz gozatu genuen. Dudarik gabe Donostiako Haizearen Orraziak izan zuen arrakastarik handiena bisitarien artean.
Esperientzia aberasgarri honi amaiera emateko denon artean prestatu genuen agur ekitaldian guztiok sentitu genuena benetako poza izan zen. Hizkuntza eta emozioen festa izan zen. Gure ikasle eta kideek astean zehar emozio anitzak bizi zituzten eta hori da gure artean geratu den hizkuntza unibertsala, zeren ilusio, urduritasun, ardura, neke, nahiz poza berdin sentitzen dira edozein hizkuntzatan eta hori lortu izanak ematen dio gure proiektuari baliorik garrantzitsuena.
Orain martxoa noiz iritsiko zain gaude Flandriarrekin batera Sardinia bisitatzeko.
Proiektuko web orria ondorengoa da.
28 kanalekoek grabaturiko bideoa