Beizaman Kazkabarrakin
Ederki pasa zuten hirugarren eta laugarren mailako gure gaztetxoek azaroko lehen asteburua. Zezen plazan elkartu ginen denok autobusak hartu eta bi egun zoragarri pasatzeko asmoz. Txikienak urduri lehen irteera zutelako eta beteranoak berriz, autobuseko leihoetatik gurasoei agur esateko irrikitan. Hor joan ginen Beizamara bidean, kurbaz beteriko errepide estuan zehar ez mareatzeko saiakeran. Hala ere, bide bazterreko pagadiez eta udazkeneko kolore politez gozatzeko aukera ere izan genuen behelainoa bidelagun genuela. Mikel Laboaren kantak dioen bezala “maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean”.
Hotzak eta euriak ezin izan zuten gure irribarrea eta jolaserako gogoa zapuztu eta Beizamako frontoia korrikaldi, algara, kolore eta alaitasunez bete genuen. Begiraleen jolas zerrenda amaigabeari esker ez genuen aspertzeko astirik izan eta gozatu egin genuen puxikak lehertzen, animaliak imitatzen, mosaikoak marrazten eta zapiekin jolasten besteak beste. Gau iluna linternekin argiztatu genuen arren, begiraleak ez ziren gai izan imaginazio handiz mozorrotutako gaztetxoak ezagutzeko…galdetuz gero esango dizuete nola mozorrotu ziren.
Ezpainak oraindik gure chef begiraleak prestatutako makarroi platerkadaren tomatearekin zikinduta genituela, astebukaeraren amaierak eragindako sentimendua gozatzen saiatu ginen txokolatea janez. Konturatu ginenerako Tolosara itzultzeko autobusa iritsi zen eta muxu ronda batekin agurtu genion elkarri hurrengo asteburu pasa noiz izango desiratzen.