Nirekin, ondo; zurekin, hobeto!
LH 4. mailako ikasleek “Nirekin ondo; zurekin, hobeto!” proiektua burutu dute, Lasarte-Oriako Berritzeguneak hala eskatuta, esperimentazio moduan. Jolastorduan ikasleen artean sortzen diren istilua da landutako gaia. Gai horri buruzko lau galderez osatutako galdekizuna prestatu zuten lehendabizi: zergatik haserretu izan diren lagunekin jolasorduan, haserretu direnean zer egin duten, zer egin duten beste bi lagun haserre ikusitakoan eta zenbatero izaten dituzten liskarrak jolasgaraian. Galdera bakoitzerako lau aukera zituzten erantzuteko. Ondoren LH osoko gela guztietan pasatu zuten talde kooperatiboetan banatuta. Jarraian jasotako erantzunak mailaka elkartu eta haiekin grafikoak egin zituzten. Emaitzekin komikiak osatu eta komikien erakusketa egin zuten liburutegian. Bukatzeko, emaitzen berri eman dute LH osoko gela guztietan, grafikoak eta komikiak erakutsiz. Maila honetako lau geletan ikasleen parte-hartzea eta inplikazio maila goraipatu nahi dute bere irakasleek.