ERASMUS+ trukea
Batx 1eko 24 ikasle Flandrian izan dira, Hasselt-en, ERASMUS + proiektuan murgilduta. Bertan, Humaniora Kindsheid Jesu eta Sardiniako San Giuseppe Kalasanzio eskolako ikasleekin elkartu dira eta hizkuntza minorizatuen inguruko lanketa garatu dute. Laskorain ikastolak koordinatzen duen proiektu honen izena "Minority languages, good travelling companions" , da, hau da, "Hizkuntza minorizatuak, bidai lagun onak".
Egun hauetan, Euskaraz, Flandrieraz edo Sardinieraz bizi diren ikasleen arteko komunikazio hizkuntza ingelesa izan da. Beraz, elkar ulertzeko eta elkarrekin lan egiteko erabili duten hizkuntza izan denez, beraien hizkuntza konpetentzia ere garatu ahal izan dute.
Ikasleak flandiar familietan egon dira eta guztiak elkarrekin hainbat jarduera burutu dituzte. Goizetan, eskolan, besteak beste, Flandieraren historia ezagutu dute, hizkuntza familien zuhaitza egin dute eta euskara irakasle ere aritu dira. Arratsaldetan berriz, inguruko hainbat toki ezagutu dituzte, hala nola, Bokrij, Lovaina edo Brusela.
Elkarlanaren hasierako fasea besterik ez da izan hau, urrian gure artean izango baititugu Flandriarrak eta Sardiniarrak. Proiektuari amaiera emateko azkenekoz elkartuko gara guztiok berriz ere, Sardinian.