Laskotruk
Jasangarritasunaren aldeko ekimen batekin gatozkizue: LASKOTRUK. Ikasturtean zehar hainbat behar sortu ohi dira: elurretarako arropa, baserritarren arropa, danborrak, neguko arropa, eskola kiroleko ekipazioa, liburuak,...Txiki geratutakoan berriak erosteko ohitura dugu, eta txiki geratutako hori askotan armairuan geratu ohi da erabilpenik eman gabe. Horrelako kasuetan elkartrukerako, berrerabilpenerako egitasmoa da LASKOTRUK.
Kontuan izanda GABONAK laster iritsiko zaizkigula, zuen seme-alabek erabiltzen dituzten BASERRITAR ARROPAK antolatzen hasiko zarete. Zuetako askok iaz erabilitakoak txiki izango ditu eta berriak erosteko beharra izango duzue. Beste batzuk aldiz, anaia-arreben artean edo familiartekoen artean antolatuko dituzue . Gure asmoa, komunitate mailan elkar laguntzea izango da berria erosi beharrik gabe. Gauzak honela, familiaren batek baserritar arropak Ikastolari dohaintzan eman nahi badizkio, ikastolak Sakramentinoetako haurren artean maileguan kudeatuko ditu. Hau da, ikastolak behar dutenei utziko dizkio baserritar arropak eta ondoren, ikastolak jasoko ditu beste urte baterako.
Horrelako ekimen batekin, Ikastola eta komunitate bezala indartzen garela uste dugu eta gizarte hobe eta justuago bat izateko pauso sendoak ematen ari garela. Lehen aldia izanik ez dakigu ekimenak zer nolako harrera izango duen eta antolaketa aldetik ere zenbateko bolumena suposatuko duen. Baina denok ahalegina egitea merezi duela sisnistuta gaude.
Beraz, astindu zuen ganbara eta eskaini tarte bat baserritar arropak antolatzeari, eta ekarri behar ez dituzuen baserritar arropak ikastolako idazkaritzara. Honek mereziko du eta.
Denon artean egiten dugu, denona den Ikastola.