Ikastolatik herrira

Egutegian seinalatutako eguna izaten da, Laskorain ikastolan, abenduaren 3a. Euskararen Nazioarteko eguna hain zuzen eta, guretzat, Argitxo iratxoaren urtebetetze eguna.  

Ezagutzen duzue Argitxo, ezta?  Ikastolan etxekoa da baina, agian, badago oraindik ezagutzen ez duen norbait. 

Argitxo, Euskal Herriko mendietan bizi den iratxo txiki eta maitagarria da. Ahalmen magikoak ditu eta, tarteka, bere bisitak izaten ditugu ikastolan. Bere panpinak eta marrazkiak nonahi daude gela guztietan, oso zaila baita iratxo hau pasiloetatik topatzea!

Euskararen iratxoa ere deitzen diote, izan ere, euskararen erabilera sustatzeko lan handia egiten du urtean zehar. 

Kuttuna da guretzat Argitxo, eta euskalzaleok asko eskertzen diogu egiten duen lana. Bistakoa da ezinbesteko pertsonaia bihurtu dela gure haurrentzat eta gure hizkuntzarekin dugun altxorra ulertarazteko laguntzaile aparta da. Hizkuntza bat edukitzetik, nolabait bizitzera eta maitatzera iristea baita gure helburua. Hori da Laskorain ikastolarentzat euskalduna izatea, Euskaraz bizi nahi izatea, hain zuzen ere. 

Mikel Urdangarinen abesti batek dioen bezalaxe, “Munduari begiratzeko modu bat” da guretzat gure hizkuntza. Honexegatik, ikastolako komunitatea osatzen dugun guztiontzat euskararen eguna urte guztian zehar izaten dela ere esaten dugu. Euskaraz bizi garelako; euskaraz egiten dugulako lan, euskaraz jolasten garelako, euskaraz harremantzen garelako. 

 

Aurretik aipatu bezala, egun seinalatua da euskaldun guztiontzat eta Laskorain ikastolan ekintza ugari burutzen ditugu gure hizkuntza goraipatzeko. Aurten, adibidez, Uztaritzeko ikastolako lagunak gurean izango dira egun berezi honetan. Eguneroko erabileraz gain, merezi duelako gure hizkuntzak omentzeko egun bat, hiztun guztiei eskertzeko egun bat, eta etorkizuneko Euskal hiztun izango direnei ere, maitasun keinu bat egiteko festa bat. Festa aldarrikapen gunea izan da historikoki eta hala izaten jarraitu nahi dugu Laskorain ikastolan ere. Honegatik, gonbidapena zabaltzen dizugu, zuri, gurekin batera antolatu dugun kalejira aldarrikatzailean parte hartzera. Goizeko 11.00etan Usabalen hasi eta Tolosako kaleetan barrena ibiliko gara Euskararekiko sentitzen dugun konpromezua herritarrei zabaltzeko asmoz. Zatoz gurekin!