Irakaskidetzan trebatzen

Irakaskidetzan trebatzen

Etapa guztietako lankideak

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 30 irakasle inguru irakaskidetzari buruzko formazioetan parte hartzen ari dira. Irakasle bat baino gehiago elkarlanean aritzean oinarritzen den metodologia honek ikasgelako hezkuntza esperientzia hobetzen laguntzen du, ikasleen beharretara hobeto egokitzeko asmoz. Prestakuntza hau beste ikastetxeekin, Ikastolen Elkartearekin eta Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Fakultatearekin elkarlanean garatzen ari gara.

Irakaskidetzan trebatzeko formazioa  hiru ikastarotan antolatuta dago. Lehenengo ikastaroan, irakasleek irakaskidetzaren teoria eta zenbait ereduren inguruko ezagutza jasotzen dute. Hasierako fase honetan, irakasleek oinarrizko kontzeptuak ezagutzen dituzte eta pixkanaka ikasgelan esperimentatzen hasten dira.

Beste bi ikastaroek irakaskidetzaren praktika sakontzeko helburua dute: irakasleek euren esperientziak aztertzen dituzte eta baloratu egiten dituzte, Mondragon Unibertsitateko adituen laguntzarekin. Autokonfrontazio prozesu baten bidez, ikasgelan izandako esperientziak analizatzen dituzte, hobekuntza esparruak identifikatuz eta irakaskuntza eraginkorragoa lortzeko xedez.

Formazio honen azken helburua gure hezkuntza-ereduan irakaskidetza arrakastaz txertatzea da, eta eguneroko jardunean integratzea, pertsona-eredua garatzen laguntzeko hautu gisa. Uste dugu elkarlanerako metodologia honen bitartez arreta pertsonalizatuagoa eskainiko diegula gure ikasleei eta, horrela, haien ikaskuntza esperientzia hobetuko dugula.