Laskorain Ikastola
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte izango dugu herritarrok belarriprest edo eta ahobizi izateko txapa soinean. Aldez aurretik baina, Euskaraldian entitate gisa izena emana du Ikastolak eta ondorioz, arigune bihurtuko da gure Ikastola. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean.
Baina zer da Euskaraldia?
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.Dena den, denbora mugaz haratago ere arituko gara euskararen suspertzearekin gurean.
Laskorain Ikastolak bat egiten du, noski, Euskaraldiaren helburuarekin, izan ere, azken batean, helburua euskara indartuz eta abaguneak eskainiz, gure hizkuntza indartzea eta areagotzea baita: gehiago, gehiagorekin , gehiagotan!!!!
Laskorain ikastolako langileak (151 lagun) eta batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak (295 ikasle) ahobizi edo belarriprest izatera gonbidatu ditu Euskaraz Bizi ekimenak, eta hala, hasiak dira izen-emateak. Edonola ere, 16 urtetik beherako ikasleekin Euskaraldiaren inguruko informazioa zabaltzen eta ekimenaren berri ematen jarraituko dugu: rolak azaldu, hormairudiak diseinatu, bideoklipa helarazi, euskararen bilakaerari buruzko hausnarketak gelaratu...
Bide batez, komunitate osoaren partaidetza sustatu nahiko genuke Laskorain Ikastolako Euskaraz Bizi taldetik, beraz, ikus bideoklipa, euskararen azken mendeko bilakaera Tolosaldean zein den azaltzen duen bideoa, eta sakatu ezazu Euskaraldiko izen-ematera eramango zaituen esteka.
Oparitu dezagun gure altxorra, eman, zabaldu, gozatu, hitz egin!!!!!