Kanboko Xalbador kolegioarekin ikasle-trukea

DBH 1eko ikasleak Kanbon izan ziren oporren aurretiko azken 3 egunetan, urtez urte antolatzen dugun ikasle trukean. Ikasgelan ikasitakoa bertan ikusi eta ikasteko aukera izan dute, beste behin ere, programa zabal bati esker.

Asteazkenean iritsi eta ongietorri festa egin ziguten Kanboko gure lagunek: bertso batzuk abestu zizkiguten, aurtengo Herri Urratseko abestiarekin koreografia dantzatu zuten eta, jarraian, gure ikasleekin batera dantza egin zuten guztiek. Hamaiketako goxoa eskaini ziguten, eta ikasleak bikoteka jartzean, bakoitza bere etxera joan zen. Arratsaldean trukakideak elkarrekin egon ziren, familia-giroan batak bestearen kulturez elikatzen.

Ostegun eta ostiralean tailerretan hartu genuen parte: bertsolaritza (guztien artean kopla batzuk sortu eta abestu genituen), arte-martzialak, Quiz galdeketa, orientazio tailerra (txartel batzuk aurkitu behar zituzten mapa baten laguntzaz eta txartel bakoitzean zegoen galderaren erantzunaren lehen letra bakoitzarekin esaldi bat osatu behar zuten), euskal dantza tailerra eta pilota tailerra (pilotak egiten ikasi genuen eta talde bakoitzak pilota bat egin zuen). A ze martxa!

Ostiral eguerdian, tailerrak amaitzean, guztiek elkarrekin euskal dantza tailerrean ikasitako dantza dantzatu, piknika jan eta gure etxeetara bueltatu ginen.

Positiboena zera izan zen, momentu askotan ikastola bateko nahiz besteko ikasleak elkarrekin nahastuta aritu zirela alde batera eta bestera. Bukaeran malkoren bat edo beste ere isuri zitzaion bakarren bati, gainera. Bestalde, benetan aberasgarria izan ohi da gehienentzat etxetik kanpora igarotzen duten lehen esperientzia izatea, bai eta Euskal Herri anitza dagoela ikustea ere, batez ere, euskararen egoerari eta bizi ohiturei dagokienez.

 

BIZIKI ESPERIENTZIA EDERRA IZAN DA!

 

Laster arte, lagunok!