Berdintasunaren eta errespetuaren aldeko aldarria

Joan den azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna gogoratu genuen ikastolan. Egun seinalatu honek garrantzi handia du; izan ere, emakumeek gaur egun oraindik jasaten dituzten indarkeria mota guztiak salatzeaz gain, gizarte justuago, askeago eta parekideago bat eraikitzeko konpromisoa berresteko balio du.

Aldarrikapen horrekin bat eginez, egunean zehar hainbat ekintza antolatu ziren ikastolan. Goizeko lehenengo orduetan, ikasleek eta tutoreek gaiaren inguruko lanketa berezia egin zuten geletan. Maila bakoitzaren adinera eta errealitatera egokitutako baliabideak erabiliz, hausnarketarako eta elkarrizketarako tarteak sortu ziren, errespetuaren eta berdintasunaren garrantzia barneratzeko asmoz.

Ondoren, 10:15ean, ikastolako kide guztiak bildu zituen ekitaldi nagusiari eman zitzaion hasiera. Bertan, indarkeria matxistaren errealitatea ikusarazteko performance sinboliko bat egin zen, eta hainbat ikaslek gaiarekin lotutako testigantzak eta ekarpenak partekatu zituzten, bertaratutakoen kontzientzia astinduz. Jardunaldiari amaiera hunkigarria emateko, musika eta kantuak izan ziren protagonista, guztion ahotsak aldarrikapen beraren inguruan batuz.