Odeien rap errimak
Asteartean Laskorain ikastolan izan zen Odei Barroso rap abeslaria. DBH2ko ikasleak ARTEA ikaskuntza esperientziren baitan Hip Hop kultura lantzen ari diren honetan izan dute Urruñako kantariaren bisita. Odeik, bertso munduan aritu ondoren, urte ugari daramatza gurean pixkanaka gero eta ezagunagoa den musika estilo hau garatzen. 2zio taldearekin lehenbizi eta bere izen berdina daraman proiektuarekin orain, Euskal Herriko areto eta plaza ezberdinak errimaz blaitzen dabil azken hilabeteetan, “Goizegi Hiltzeko” lan berria aurkezten.
Gurean, jada Euskal Herriko hamaika hezkuntza zentrotan gauzatu duen sorkuntzara bideraturiko rap tailerra burutu zuen DBH2ko ikasleekin, bi pasetan. Saioaren helburua, rap abesti bat egiten hasteko lehen pautak irakastea da, oinarrizko pausoak ikastea. Taldeka aritu ziren esperimentazioan gustora gure ikasleak, letrak idazten, hitzen jokoan murgiltzen. Animatu ziren, taldeka, egin berri zituzten lehen “barra” edota bertso horiek base baten gainean kantatzera ere. Ezin ahaztu, Odeien tailer hau proiektu zabalago baten hasiera besterik ez dela, izan ere, datorren asteetan, ARTEA ikasgaiaren baitan rap abesti originalak sortu eta grabatuko baitituzte talde kooperatiboetan antolaturik.
Saioa amaitzeko tartetxo bat soberan genuela probestuz, jarraian agerian duzuen bideoan ikusten dena egin zuen Odeik, momentuan ikasleei 12 hitz idazteko eskatu eta une hartan bertan, irakurtzen zituen bitartean, free-style-aren magia aireratu zuen errimaren maisuak. Ikasleak eta irakasleok une berezia hura gozatzeko aukera izan genuen, Odeik hitzen lihoa nola iruten zuen, eta haria galdu gabe hitzak nola josten zituen ahozabalik ikusten.



