Baratza

HH 3ko haurrok amaiera eman diogu baratze-proiektuari. Apirilean eman genion hasiera, ikastolan baratze txiki bat osatuz; bertan, tipulak, azelgak, letxugak eta marrubiak landatu genituen. Landareek hazteko zer behar duten ikasteaz gain, gaiarekin lotutako hainbat ekintza egin ditugu aste hauetan: arte, matematika eta idazketa proposamenak, olerkiak, abestiak eta ipuinak.

Prozesu honetan familiek ere lekua izan dute euren jakituria, esperientziak eta bizipenak partekatzeko, proiektua aberastuz. Amaiera borobila emateko, ikasturte bukaerako irteera egin dugu Gaztelura; bertan, ikastolako familia batek bere baratzea erakutsi digu, eta esperientzia benetan polita izan da.