Bretainia eta Euskal Herria,

Euskal Herria eta Bretainia, eskutik helduta

DBHko trukea

Pasa den astean, gure Ikastolak kolore eta giro berezia izan du, DBH 3ko eta 4ko ikasleek Bretainiako Ar Releg-eko Diwan kolegioko ikasleak jaso baitituzte trukean. Euskaldunak eta bretoiak elkarrekin murgildu dira elkarbizitza, kultura eta laguntasuna ardatz izan dituen aste honetan.

Bretoiek gure ingurunea ezagutzeko egitarau oparoaz gozatu dute elkarrekin. Egun hauetan zehar, Donostiako kostaldeaz gozatu, Gernika eta Zumaiako memorian eta naturan murgildu, Arrikrutz eta Oñatiko xarmaz txunditu, eta, amaitzeko, Tolosako kaleetan altxorraren bila ibiliz eta Leaburun mendi-buelta bat eginez borobildu dute bidaia.

Txango hutsetatik haratago, truke hauek balio pedagogiko eta pertsonal handia dute gure hezkuntza-proiektuan. Alde batetik, filosofia bera partekatzen duten hizkuntza eta kultura gutxituen arteko aliantzak (euskara eta bretoiera) indartzen dituzte. Bestetik, gazteen hazkunde pertsonala, autonomia eta enpatia sustatzen dituzte, gure pertsona-ereduarekin lerrokatuta.

Mila esker proiektu hau posible egin duzuen langileei, familiei eta ikasleei. Laster arte, lagunok! Kenavo!