DAITEKE programa
Aste honetan, DBH3ko lau geletan DAITEKE programa garatu da. Urtero martxan jartzen den egitasmoa da, DBHko maila ezberdinetan lantzen dena, eta ikasleen garapen pertsonal eta soziala indartzea du helburu nagusi.
DAITEKE programaren ardatza ikasleen arteko harremanak lantzea da, zentzurik zabalenean ulertuta. Nerabezaroan sortzen diren egoera, zalantza eta erronkei helduz, harremantzeko modu osasuntsuak sustatzen dira: errespetua, komunikazio asertiboa, enpatia eta mugen kudeaketa, besteak beste. Era berean, sexu-heziketarekin lotutako gaiak ere jorratzen dira, ikuspegi hezitzaile eta prebentibo batetik, gazteek informazio egokia eta tresna baliagarriak izan ditzaten euren harremanak modu arduratsuan bizitzeko.
Saio hauek gutxienez urtean behin egiten dira, eta gelaren barne kohesioa sendotzea dute xede. Dinamika eta hausnarketa partekatuen bidez, ikasleek euren bizipenak eta iritziak giro seguruan partekatzeko aukera izaten dute. Horrek talde-giroa hobetzen laguntzen du, konfiantza indartuz eta elkar ulertzea sustatuz.



