Baxoa euskaraz

Baxoa Euskaraz: manifestaldia urtarrilaren 24ean, 15:00etan, Baionako Xaho Kaian

Zergatik atera kalera

Duela egun gutxi eginiko azken bileran, Parisen, Hezkuntza ministroarekin bildutako Euskal Herriko ordezkaritza esku hutsik atera da, baxoa euskaraz egiteko eskari historikoan aurrerapausorik lortu gabe. Are gehiago, arriskuan jarri da orain arte euskaraz egin diren atal batzuk ere, Matematika azterketa frantsesez eginarazi nahi baitute. Atzerapauso onartezina da hori, azterketaren hizkuntza zehazten ez duten arauetan oinarrituta, Matematikan kasu, zuzentzaile elebidunak deitzea nahikoa baita, brebetan egiten den bezala.

Aspaldidanik aldarrikatzen dugu Seaskako eta euskal hezkuntza sare osoko ikasleek baxoa euskaraz egiteko aukera izatea, eta gaur arte emandako hitzek ez dute neurri eraginkorretan jarraipenik izan.

Egoera larria da: euskara eta eskubideak Baxoaren auzia irabaztea gakoa da gure ikasleen eskubideak bermatzeko, bai eta haien heziketan euskarazko ibilbide osoa ziurtatzeko ere. Testuingurua ere ez dugu ahaztu behar, Euskal Herri osoan euskararen eta euskal hiztunen aurkako oldarraldi handi batean baikaude, eta euskararen zein euskal kulturaren aurkako erasoak metatzen ari baitira. Ipar Euskal Herriari dagokionez,

➞ Euskal Erakunde Publikoaren aurrekontua mugatu nahi da
➞ Euskal Kultur Erakundearena murriztu,
➞ Epaitegietan euskaraz aritzeko debekuak ditugu
➞ Euskal hedabideen finantzazioa arriskuan dago

Ahaztu gabe, euskara ez dela ofizialtzat hartua, eta horixe dela arestian aipatutako gaitzeniturburua. Egoera honetan, isilik gelditzea atzera egitea litzateke; mobilizazioa da euskararen aurrerabidea bermatzeko tresna nagusietako bat. Oldarrialdiari, euskaltzaleon indarraldiarekin erantzun behar diogu, antolatuta, eremuz eremu garaipen berriak eskuratuz.

Manifestaziorako dei zehatza
➞ Eguna: larunbata, urtarrilak 24.
➞ Ordua: 15:00etan
➞ Lekua: Baiona, Xaho Kaia

Ikastolen komunitateko kideak —familia, irakasle, langile, ikasle eta ikastolazale guztiak— deitzen zaituztegu bertaratzeko eta ahotsa kalean entzutera emateko. Ikastola bakoitzari eskatu nahi dizuegu ahalik eta ordezkaritza zabalena antolatzea, autobusak edo auto konpartituak koordinatuz eta mezua komunitate osora hedatuz.

Mezua eta konpromisoa
Manifestazio honetan helburu argia da: baxoa euskaraz, orain; ez 2027ra edo etorkizun lauso batera atzeratutako promes hutsak. Ez dugu atzerapausorik onartuko. Euskararen aldeko borroka eta mobilizazio ziklo berri batean gaude, eta Ikastolen komunitatearen indarra funtsezkoa da norabidea markatzeko: denon presentzia behar da Baionan, larunbat honetan, hitza hitz dela gogorarazteko.